Bilboko portuak inoizko gurutzaontzi denboraldirik onena itxi du, 104 ontzi eta 233.000 bidaiari baino gehiagorekin
Otsailaren 25ean lehen ontzia heldu zenetik, guztira 104 gurutzaontzik egin dute geldialdia Getxoko terminalean, iaz baino 9 ontzi gehiagok, eta 233.236 bidaiari heldu dira ontzi horietan, 2025ean baino % 29 gehiago.
Getxon geldialdia egin duen gurutzaontzi bat, artxiboko irudi batean.
Portu Agintaritzak Getxon duen gurutzaontzien terminalak marka guztiak hautsi ditu amaitu berri den denboraldi honetan. Joan den otsailaren 25ean lehen ontzia iritsi zenetik, eta azken bien geldialdiarekin, Bilbok guztira 104 ontzi hartu ditu, aurreko ikasturtean baino 9 gehiago. Turista kopuruari dagokionez, berriz, 233.236 bidaiari iritsi dira Bilbora itsasontziz, 2025ean baino % 29 gehiago. Gehientsuenak Erresuma Batutik etorritako bisitariak izan dira, eta, atzetik daude Alemaniatik eta Estatu Batuetatik etorritakoak.
31 ontzi-enpresakoak izan dira Getxoko instalazioetan geldialdia egin duten itsas-ontziak, eta horietako 11 lehen aldiz iritsi dira euskal kostaldera. Aipatzekoak dira MSC ontzi-enpresa ospetsuak egindako zortzi eskalak.
Denboraldi honetan zehar bederatzi itsasontzik egin dute gaua Bilboko portuan, eta hiruk Getxon hasi eta amaitu dute ibilbidea. Ivan Jimenez Bilboko portuko Agintaritzaren presidenteak adierazi duenaren arabera, datu horiek “berretsi egiten dute, beste behin, Bilbok, Getxok, Bizkaiak eta Euskadik, oro har, turismo mota guztiak erakartzen dituela”.
Zehaztu du, gainera, hazkunde hori hiru jasangarritasun zutabetan oinarritzen dela: ekonomikoa, lurraldean sortzen duen inpaktuagatik; soziala, Bilbok saturaziorik gabeko helmuga izaten jarraitzen duelako; eta ingurumenekoa, 2027aren amaieran eskuragarri egongo den ontzien konexio elektrikoari erreferentzia eginez.
34 milioi euroko inpaktua
Gurutzaontzien jarduerak 34 milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izan du Bilbon, eta, oro har, Euskal Herri osoan.
Nolanahi ere, Bilboko portuko Agintaritzak nabarmendu du Estatu mailan saturazio turistiko txikiena duten gurutzaontzien helmugetako bat dela. Euskal Autonomia Erkidegoak jasotzen duen turismoaren zati txiki-txiki bat da itsas-bidaien turismoa, Eustaten arabera, 2025ean EAEko hoteletan ostatu hartu zuten 3,9 milioi bidaiarien % 5 soilik.