GAIXOTASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erakundeek "lasaitasuna" eskatu dute Gipuzkoako abeltegi batean atzeman duten Shamonda kasuaren harira

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du gaixotasunak sintoma arinak eragiten dituela ganaduan, eta gizakiongan duen eragina "oso txikia" dela.

MUNGIA LANDAKOERROTA BEHIAK ENBA NEKAZARIAK

Behiak, larrean. Argazkia: ENBA.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "lasaitasuna" eskatu dute Gipuzkoako abeltegi batean Shamonda birusa atzeman ostean, eta gogorarazi dute gaixotasun horrek sintoma arinak eragin ohi dituela azienda helduetan, eta gizakiongan eragin "oso txikia" duela.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ohar baten bidez, gaineratu du ez dagoela ebidentziarik okelaren, esnearen eta produktu eratorrien kontsumoaren bidez transmititu denik.

Hala, "lasaitasun" mezua helarazi du, Algeteko (Madril) Albaitaritza Laborategi Nagusiak Gipuzkoako esnetarako behi-aziendaren ustiategi batean birusa aurkitu ostean.

Kaltetutako animalien egoera klinikoa "egonkorra" da, eta ustiategia albaitaritza zerbitzuen zaintzapean dago, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak adierazi du Shamonda birusa ez dagoela Europar Batasuneko gaixotasunen zerrendan, eta hori detektatzeak ez dakarrela animaliak hiltzea edo mugikortasunari murrizketak ezartzea.

Horrela, "erantzuna kaltetutako animalien zaintzan, albaitarien arretan, biosegurtasunean eta birusa transmititzen duten intsektuen kontrolean oinarritzen da", azaldu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X