ETXEBIZITZA ETA FISKALITATEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxebizitza arloko neurri fiskalak adostu dituzte EAJk eta PSEk, tartean, alokairurako pizgarriak eta jabe handientzako zergak

Besteak beste, akordioak aurreikusten du zergak jaitsiko zaizkiela gazteei etxe bat alokatzen dieten jabeei edo etxea erosten duten gazteei, eta igo egingo zaizkiela hirugarren etxebizitzatik aurrera erosketa bat egiten duten jabeei.

Etxebizitza euskal gizartearen kezka nagusienetako bat bihurtuta dagoen garaian eta gai horren harira greba orokor bat deituta dagoenean, hiru foru aldundietan gobernu bazkide diren EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute etxebizitzaren arloan hainbat neurri fiskal ezartzeko.

Irailean neurri fiskalen inguruan iragarri zuten akordioaren ondoren, bi alderdiek kritikak jaso zituzten opisizioaren partetik, etxebizitzara bideratutako neurri fiskalak falta zirela esanez. Oraingoan, bi alderdiek arlo horretan aritu dira lanean, alokairu eskuragarria sustatzeko pizgarriak, jabe handientzako zerga handiagoak eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak adostuz.

Bazkideek neurriak aurrera atera ahal izango dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan, gehiengoa baitute, baina ez Araban eta Gipuzkoan. Azken horietan oposizioko talderen baten babesa beharko dute.

Alokairu eskuragarria: zerga gutxiago jabearentzat

Neurrietako batzuen helburua da alokairu eskuragarria errentagarriago egitea eta jabeak etxebizitza hutsak merkatura atera ditzaten animatzea. Bide horretan, jabeak honako kasu hauetan lortzen duen PFEZaren hobaria indartzen du:

  • % 30eko hobari orokorra % 35era igotzen da maizterra 36 urtetik beherakoa denean edo kontratua sinatu aurreko bi urteetan etxebizitza birgaitu denean.
  • % 70eko hobaria etxebizitza alokairuko bitartekaritza-programa publiko bati lagatzen zaionean, edo jabeak bere borondatez errenta bat finkatzen duenean erreferentziazko indizeen barruan.
  • % 75eko hobaria etxebizitza duela gutxi birgaitu denean edo, erreferentziazko indizeetara egokitutako errenten kasuan, maizterra 36 urtetik beherakoa denean.

Etxebizitza hutsak: salbuespenak sektore publikoaren esku uzten denean

Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko helburuarekin jarraituz, akordioak PFEZn salbuespen mailakatu bat aurreikusten du sektore publikoari edo lankidetza publiko-pribatuko funtsei etxebizitza soziala eta eskuragarria eraikitzeko lurzorua edo etxebizitza bera saltzean lortzen diren irabazietarako.

Zehazki, aurreikusten da etxebizitza huts bat gutxienez aurreko bi urteetan saltzen duenak, ez duela zergarik ordainduko lortutako irabaziagatik, muga kuantitatibo batekin eta balio handiagoetarako, salbuespen partzial eta beherakor batekin.

Etxebizitza erostean: garestiago da metatzea, merkeago gaztetan erostea

  • Edukitzaile handientzako ITP zerga % 5era igotzen da hirugarren edo laugarren etxebizitza erostean, % 6ra bosgarrena gainditzen duenean eta % 7ra hamargarrena gainditzen duenean.
  • 36 urtetik beherako erosleentzat tasa murriztua aurreikusten da: orokorra baino % 25 txikiagoa. 

Epe luzerako aurrezki egonkorra, Europarekin lerrokatua

Paketeak Epe Luzerako Aurrezki Planak Europako aurrezte- eta inbertsio-tresna berrietara egokitzen ditu, eta "Europa Finantzatzen" Aurrezki eta Inbertsio Kontuaren aldeko zerga-araubidea sortzen du:

  • Epe luzerako aurrezki-planaren etekinak PFEZtik salbuetsita geratuko dira kapitala gutxienez bost urtez mantentzen bada; gainera, Europako ekonomiaren finantzaketari lotutako banakako aurrezki-aseguru berri bat txertatuko da.
  • Europa Finantzatzeko Aurrezki eta Inbertsio Kontuan, aktibo integratuen salmentatik edo itzulketatik eratorritako irabazi eta galeren tributazioa aldatu egiten da dirua erretiratu arte, eta iraunkortasuna saritzen da: bost urte baino gehiagoan mantendutako ekarpenei dagokien irabazia zergadun bakoitzeko 10.000 eurorainoko kargarik gabe geratzen da, eta, kopuru horretatik gora, % 20an.
  • Berreskuratzeke dauden ekarpenen muga 150.000 eurokoa izango da, eta aktibo hautagarriak handitu egingo dira.

Etxe turistikoak eta udal-gainbalioa

  • OHZ: udalei ahalmena ematen zaie, ordenantza bidez, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan kokatutako bizitegi-erabilerarako etxebizitzei kuotaren % 150 arteko errekargua aplikatzeko.
  • Udal-gainbalioa (IIVTNU): hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren gehieneko koefizienteak eguneratzen dira.

Erakundeen jabe handiak

Sozietateen gaineko Zergaren 115. artikuluko zerga-araubide bereziari atxikitzen zaizkion etxebizitzak alokatzen dituzten erakundeek abantailak izango dituzte, baldin eta alokairuak erreferentziazko indizeetara edo bitartekaritza publikoko prezioetara egokitzen badira. 

65 urtetik gorakoak

Akordioak gaur egun indarrean dagoen salbuespena 65 urtetik gorakoak izanik beren etxebizitza eskualdatzen dutenentzat zabaltzea aurreikusten du. Zehazki, egoitza batera joaten diren edo senide batekin biziko diren pertsonentzat osatzea planteatzen da, betiere etxebizitza hutsik geratzen bada eta bitartekaritza programa publiko bati lagatzen bazaio, erreferentziako epeak luzatuz. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X