Tubos Reunidosen etorkizuna, kinka larrian
Tubos Reunidos Amurrio eta Trapagarango lantegien etorkizuna ez dago bermatuta, eta geroz eta zailago jartzen ari zaio aurrera egitea ahalbidetuko liokeen erosle edo inbertitzaileren bat agertzea.
Izan ere, Orain-ek jakin duenaren arabera, enpresaren hartzekodun nagusiak, SEPIk (industrian inbertsioak egiten dituen Estatu elkarteak), enpresak zor dizkion 150 milioi euroak eskatzen dizkio.
Gainera, urriaren 5ean idatzi bat bidali zion epaileari, zor hori enpresa erosten duenak bere gain hartu beharko lukeela eskatzeko. Epaileak eskaerari muzin egingo balio, Europako auzitegietara joko duela ohartarazi du SEPIk.
Hori horrela, are gehiago zaildu da Tubos Reunidosek erosle edo inbertitzaile bat aurkitzeko aukera, inbertitzaileek zorrik ez egotea eskatzen baitute.
Erosle edo inbertitzailerik ezean, enpresa itxi eta langileak kaleratu beharko lituzkete.
Bost inbertitzaile
Asteazkenean, konkurtso-administratzaileak langile-batzordeei jakinarazi zien Tubos Reunidos erosteko interesa duten bost inbertitzaileak sindikatuekin bilduko direla datorren astean.
Bilera horretan, enpresa osorik edo zatika erosi nahi duten bostek sindikatuei beren planak eta aurreikusitako lan-egokitzapenak zehaztu zizkieten. Horietako hiruk jarduera bi lantegietan mantentzea proposatzen zuten, bik Trapagan (Bizkaia) bakarrik, eta denek aurreikusten dute lan baldintzen eta plantillaren egokitzapenak egitea.
Bilera horien ondoren, sindikatuekin negoziatzen has litezke, eta horrek eragin handia izango du planen bideragarritasunean. Prozesua abenduaren erdialdean amaituko da, eta orduan aurkeztuko dira behin betiko eskaintza lotesleak.
Tubos Reunidosen zuzendaritzak adierazi du enpresaren finantza-egoera kritikoa dela oraindik, baina hilabete batzuetarako lan-karga duela, eta ziurtatu du arazorik gabe ordainduko duela hil honetako nomina.