EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga neurriek ez diete herritarren beharrei erantzuten eta "makillaje ariketa" dira, EH Bilduren iritzian
EH Bilduk estu hartu ditu EAJ eta PSE-EE, joan den astean hiru lurraldeetarako adostutako zerga neurriak tarteko. Koalizio abertzalearen aburuz, hitzartutakoak ez die herritarren beharrei erantzuten, eta jeltzale eta sozialek "iraultza” gisa saldu badute ere, "populismo eta makillaje ariketa bat" da EH Bilduko iturrien hitzetan, "berrikuspenaren berrikuspena".
Aldundietan gobernu bazkide diren bi alderdiek 2027an aplikatu asmo duten zerga neurrien marko komuna hitzartu zuten joan den asteartean, uda hasieran Bizkaian izandako desadostasuna gaindituta. Dena dela, gogora ekarri behar da EAJk eta PSE-EEk ez dutela gehiengo osorik Gipuzkoan eta Araban, eta, beraz, oposizioko talderen baten babesa behar dutela neurri fiskalok onartzeko.
EH Bilduren zuzendaritzak bilera egin du arratsaldean, eta besteak beste, akordio hori izan du aztergai. Koalizioaren iturriek nabarmendu dutenez, "EAJk eta PSEk adostutako zerga neurriak oso urrun daude gure herriak dituen beharrei eta erronkei erantzutetik", eta zenbait arlotan, "kontrako norabidean" egiten dutela salatu dute.
EH Bilduren aburuz, akordioak ez ditu funtsezko eta egiturazko gaiak landu, eta zerga-erreforma garrantzitsu bati ekiteko "aukera galdu" dela uste du, beste behin.
Koalizio subiranistak berretsi du bere proposamenak egiten jarraituko duela zerga alorrean, eta etxebizitzarako sarbidea izango dute jo puntu. Hori da, EH Bilduren ustez, herritarrek gaur egun duten arazo nagusietako bat, eta lehen mailako arazo sozial eta ekonomikoa izateaz gain, talentua erakartzeko galera eta zailtasuna gehien eragiten ari den faktoreetako bat ere bada.