Ertzain baten aurkako pintaketa bat agertu da Gasteizko bere etxe ondoan
Segurtasun Sailak poliziak seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". ESAN eta SIPE sindikatuek ere gaitzetsi dute gertatutakoa.
Pintaketa ertzain baten etxe ondoan agertu da, Gasteizen. Argazkia: ESAN
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du larunbat honetan diana bat irudikatzen zuen mehatxuzko pintaketa bat agertu dela ertzain baten etxearen ondoan, Gasteizen.
Dianan 'Txakurra kanpora' agertzen zen idatzita, baita aizkora bat eta suge bat pintatuta ere.
Segurtasun Sailak polizien aurkako seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". Halaber, elkartasuna adierazi die ertzainari eta Ertzaintzako agente guztiei.
ESAN Ertzaintzaren sindikatuak ere salatu du gertakaria.
"Batzuek Euskadik errepikatu ezin duen iraganaren metodoak eta sinboloak berreskuratu nahi dituzte", adierazi du ohar batean. Gainera, Eusko Legebiltzar osoak "irmo, zalantzarik gabe eta ñabardurarik gabe" gaitzesteko eskatu du, bai eta aipatutako ertzainaren eta Ertzaintzaren aldeko adierazpen publiko bat egiteko ere.
Gasteizen agertutako pintaketaren aurka agertu da baita ere ErNE. Sindikatuak adierazi duenez, "erabat gaitzesgarriak dira ertzainen eguneroko jardunean zein eremu pribatuan gerta daitezkeen edozein eraso edo seinalatze".
SIPE sindikatuak ere salatu ditu mehatxu horiek, eta azaroan ertzain berari ibilgailua erre ziotela gogorarazi du ohar batean.
Sindikatuak lankidearen eta bere ingurunearen arrisku-mailaren "premiazko" balorazioa egiteko eskatu dio Segurtasun Sailari, babes-neurri gehigarriak ezartzea beharrezkoa den zehazteko eta gertakariak "ahalik eta sakontasun handienarekin" ikertzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik