Lehendakariak ekonomiari, autogobernuari eta etxebizitzari buruzko akordioak planteatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin egingo duen bilera-sortan
Topaketak irailaren 8tik 15era egingo dira, elkarrizketa indartzeko eta aliantzak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde-zikloak markatutako testuinguruan burutuko dira.
Imanol Pradales lehendakariak bilera-sorta bat hasiko du irailaren 8an Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin, erakunde sindikal nagusiekin eta Confebaskekin. Bilera horien helburua elkarrizketa indartzea eta hainbat arlotan akordioen bila aurrera egitea da.
Egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak, euskal autogobernuaren indartzea eta zabaltzea eta Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren bigarren erdian egingo dituen ekimen nagusiak izango dira topaketen ardatza. Urte politikoaren hasieran iragarri zituzten topaketa horiek, Miramarren (Donostia) Gobernu Kontseilua egin ondoren.
Erronda Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren bigarren zatiari elkarrizketa eta akordioak bilatuz abiatzeko helburuaren barruan kokatzen da, parte hartzeko eta negoziatzeko gune berriak bultzatuz eta euskal herritarren kezkei erantzuten laguntzen ez duten gatazkak saihestuz.
Konpromiso horrek garrantzi berezia hartzen du nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027an irekiko den hauteskunde-ziklo berriak markatutako eszenatoki baten aurrean, Jaurlaritzaren arabera.
Zein izango dira hiru lan-esparruak?
Egoera ekonomikoa eta hazkunderako eta enplegurako etorkizuneko aukerak. Arreta berezia jarriko zaie aurreikuspen ekonomikoen eta inflazioaren bilakaerari, Ormuzko egoeraren aurrean hartutako neurriei, klima-aldaketaren eraginari eta lehen sektorea laguntzeari. Esparru horretan, 2027ko Aurrekontu-proiektuari begira jarraibide orokorrak ere azalduko ditu lehendakariak.
Euskal autogobernua indartzea eta zabaltzea. Eusko Jaurlaritzak gaur egun Eusko Legebiltzarrean duen gehiengoa baino haratago doazen akordioak lortzeko duen borondatea azalduko die Pradalesek talde parlamentarioei. Era berean, Gernikako Estatutua osatzeko Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioen berri emango die, eta arreta berezia eskainiko zaie gai soziolaboralei, Interes Orokorreko Portuei eta Udal Hauteskundeen Araubideari.
Etxebizitza, Industria, Ekonomia eta Euskara arloetako ekimenak eta proposamenak. Horietako bat da Etxebizitzaren Gizarte Funtsa; Jaurlaritzak inbertsio publikoa eta pribatua batu nahi ditu, Euskadin babes publikoko etxebizitzen eraikuntza bizkortzeko eta lehentasun horren inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzeko.
Bileren agenda
Irailaren 8a
12:00etan - Sumar: Jon Hernandez.
13:15ean - PP: Javier de Andres.
Irailaren 9a
09:00etan - Euskal Sozialistak: Eneko Andueza.
10:30ean - EH Bildu: Pello Otxandiano.
12:00etan - Eusko Alderdi Jeltzalea: Joseba Diez Antxustegi.
Irailaren 11
09:00etan - UGT Euskadi: Jose Manuel Lopez Conde.
10:15ean - CCOO Euskadi: Santiago Martinez Perez.
Irailaren 14a
11:00etan - LAB: Garbiñe Aranburu.
12:30ean - ELA: Mitxel Lakuntza.
Irailaren 15a
12:30ean - Confebask: Tamara Yagüe.