Mobilizazio ugari egin dira Hego Euskal Herrian, Ceutari "elkartasuna" adierazteko zein "arrazakeria" salatzeko
Aurreikusi zitekeen bezala, PPk deitutako ekitaldiak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aukako protesta bihurtu dira. Aurrez aurre izan dituzte Mugimendu Sozialistak eta ezkerreko beste talde batzuek deitutako mobilizazioak, eta horietan, diskurtso arrazistak eta xenofoboak salatu dituzte.
Ceutan lehertutako migrazio krisiarekin lotuta, mobilizazio ugari egin dira gaur Hego Euskal Herrian. Lau hiriburuetan bakarrik ez, hainbat udalerritan ere egin dira elkarretatzeak, besteak beste, Getxon eta Tuteran.
Batetik, Alderdi Popularrak eta Euskal Konstituzionalistakek deituta, besteak beste, Ceutako herriari "elkartasuna" adierazteko bilkurak egin dira, eta horiei erantzunez, bestetik, kontramanifestazioak egin dituzte Mugimendu Sozialistak eta ezkerreko beste zenbait taldek, arrazakeriaren kontra.
Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren deialdiarekin bat eginda deitu dituzte protestak popularrek, eta aurreikusi zitekeen bezala, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako oihu bilakatu dira.
Kasu guztietan, protesta horiek aurrez aurre izan dituzte, oso metro gutxira, ezkerreko taldeek antolatutako kontramanifestazioak, migratzaileen eskubideen defentsan.
PPk deitutakoen artean, ekitaldi jendetsuenetakoa Gasteizkoa izan da. Ceutaren aldeko mezuak entzun dira bertan, baina baita Sanchezen dimisioa eskatzen zutenak ere. Amaieran, Javier de Andres EAEko popularren buruak hartu du hitza, eta esan du Ceutako "muga babestea denon ardura" dela.
Oso gertu izan dituzte GKSk eta ezkerreko beste zenbait elkartek deitutako bilkurak. "Ez nahastu etsaiaz" goiburupean, faxismoa eta xenofobia salatu dituzte.
Elixabete Irazu deitzaileen eledunak esan du PPk eta Voxek ideia faxistak "normalizatu" nahi dituztela, migratzaileen aurka egiteko.
Donostian, berriz, Euskal Konstituzionalistak taldeak ehunka herritar bildu ditu Alderdi Ederreko lorategian. Han ere, Sanchezen eta Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren dimisioak eskatu dituzte. Ceutara egoera irregularrean sartu ziren migratzaileak berehala kanporatzea ere exijitu dute.
Handik gertu, Sare Antifaxistak deitutako elkarretaratzea egin da. Horiek, arrazekeriaren eta faxismoaren aurkako borrokan, atzera ez egitea galdegin dute.
Ildo beretik, Bilbon erantzun zabala izan dute PPk deitutako mobilizazioak zein GKS taldeak deitutakoak.
Ertzaintzak dispositibo zabala ezarri du, bi deialdien arteko istilurik egon ez zedin.
Getxon ere dozenaka herritar batu dira Alderdi Popularrak Udaletxe parean deitutako bilkurara. "Ceuta ez dago salgai, Ceuta defendatu" eta antzeko leloak entzun dira.
Udaletxearen eraikinaren atzean, berriz, "Faxismoari eta arrazakeriari arnasarik ez" lelopean egin dute elkarretaratzea.
Eta antzeko irudiak izan dira Foru Erkidegoan ere. Ehunka herritarrek hartu dute parte PPk, UPNk eta Movimiento Civico del Pueblo taldeak deitutako protestetan. Iruñeko Udaletxearen aurrean egin dutena izan da jendetsuena.
Mugimendu Sozialistak, berriz, Nafarroako hiriburuko San Frantzisko plazan egin du bilkura.
Madrilen, polizia-kargak
Zure interesekoa izan daiteke
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera