Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako presidentegai izango da berriro
Nafarroa Garaiko EH Bilduren Mahai Politikoak Laura Aznal proposatu du berriro Foru Erkidegoko presidente izateko hautagai, "Nafarroak aurrera egitea ahalbidetu duen azken hamarkadako lan sendoari jarraipena emateko xedez".
Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako presidentegai izango da berriro, Nafarroa Garaiko EH Bilduko Mahai Politikoak proposatuta. Koalizioak ohar batean adierazi duenez, proposamen horren helburua da "Nafarroak aurrera egitea ahalbidetu duen azken hamarkadako lan sendoari jarraipena ematea".
Era berean, EH Bilduk azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "herritarren kezkei zein lehentasunei anbizio handiz erantzutea, atzera urratsik eman gabe eta nafar eskuinak iraganeko ereduetara itzultzeko abiatutako ofentsibari irmo aurre eginez".
Laura Aznalekin, EH Bilduk 50.000 boto baino gehiago lortu zituen 2023ko hauteskundeetan. Koalizioa hirugarren indarra bihurtu zen, eta aurreko legegintzaldian baino bi eserleku gehiago eskuratu zituen (9, guztira).