MIGRAZIO-KRISIA CEUTAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tentsioa Euskal Herrian, Ceutako egoeragatik gaurko deitutako elkarretaratzeen aurrean

Eusko Jaurlaritzak lekuz aldatu ditu, Ceutako migrazio krisia dela eta, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Getxon egitekoak diren lau elkarretaratze, "istiluak ekiditeko": horietako bat PPk Gasteizen deitutakoa da, eta gainerakoak, arrazismoaren eta faxismoaren aurkako hainbat talderenak.

ceuta protesta

Ceutan atzo egindako protesta bat, Espainiako Gobernuari migrazio-krisiari irtenbidea emateko eskatzeko. Argazkia: Europa Press

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzaren dispositibo berezia zabalduko gaur, Ceutako migrazio krisia dela eta Euskadiko hainbat tokitan egingo diren elkarretaratzeen aurrean.

Bingen Zupiria buru duen sailak lekuz aldatu ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Getxon egingo diren lau elkarretaratze, "istiluak ekiditeko": horietako bat PPk Gasteizen deitutakoa da, eta gainerakoak, arrazismoaren eta faxismoaren aurkako hainbat talderenak.

Eskuineko zenbait alderdik eta elkartek deitu dituzte protestak, eta toki berean, horien aurkako bilkurak dituzte ezkerreko taldeek. Hori dela eta, manifestarien artean liskarrak izan daitezkeelakoan, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi du Ertzaintzak adierazpen askatasuna bermatuko duela elkarretaratze guzti horietan.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) elkarretaratzeak egiteko deia egin du bihar, 20:00etan, Espainiako Estatuko udaletxe guztien aurrean, "Ceutarekiko elkartasuna adierazteko". EAEn, abuztuaren 29tik, gutxienez mota horretako zortzi ekitaldi deitu dituzte.

Gasteizen, Bilbon eta Getxon Alderdi Popularrak jakinarazi dizkio ofizialki deialdiak Segurtasun Sailari, udalek ez baitute deialdiarekin bat egin. Donostian Euskal Konstituzionalistak izeneko taldeak deitu du Ceutako bizilagunen aldeko manifestazioa. Erakunde horiek guztiek jakinarazi dute elkarretaratzeak udaletxeen aurrean egiteko asmoa dutela.

Arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako manifestazioak

Lau udalerri horietan, ezkerreko erakundeek, hala nola GKSk, arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte, aurrekoen leku berberetan egitekoak guztiak.

Segurtasun Sailaren ustez, "ekintza horiek guztiak bat etortzeak ez du ahalbidetzen segurtasuna bermatzea", eta "istiluak eragin ditzake". Hori dela eta, lau ebazpen eman ditu, eta, horien arabera, deialdia izapidetzen azkenak izan diren taldeek beste leku batean egin beharko dute protesta.

Hasiera batean, deialdia egin zutenei leku alternatibo bat proposatzea eskatu zitzaien, biak elkartzea saiheste aldera; hala ere, haietako inork aukera hori onartu ez duenez, Segurtasun Sailak berak aukeratu ditu beste lau kokapen, hasierakoetatik hurbil, baina aurrez aurre egon ez daitezen.

Bilbon, arrazakeriaren aurkako taldeek elkarretaratzea Areatzako pasealekuan egin beharko dute, Zingira kaleko 1. zenbakiaren parean; Donostian, berriz, Boulevardean eta Getxon, Aiboa kalean, udaletxearen atzealdean.

Gasteizen kasuan, GKSk Espainia plazan egingo du bere ekitaldia, udaletxearen aurrean, eta PPk bere kontzentrazioa Andre Maria Zuriaren Plazara eraman beharko du. Bi ekitaldiak egun berean jakinarazi ziren, abuztuaren 29an, baina GKSk ordu eta erdi lehenago jakinarazi zuen.

Ohar batean, PPk kritikatu egin du Segurtasun Sailak "GKSren kontramanifestazioak" baimendu izana. "Lotsagarria da Eusko Jaurlaritzak ordena publikoa alteratzen saiatzen diren kontramanifestazioak baimentzea", salatu dute popularrek.

Elkarretaratzeak Iruñean eta Tuteran

Nafarroako udalerriek jarrera ezberdinak hartu dituzte PPren eta Espainiako Udal eta Probintzien Federazioaren deialdien aurrean, eta ikusteke dago zer jarraipen izango duen protestak.

UPNk Ceutari babesa eta elkartasuna adierazteko eskatu dio Nafarroako gizarteari, bizi duen egoera zaila dela eta. Ildo horretan, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak udaletxeen aurrean egindako deialdiarekin bat egiteko eskatu du.

Tuterako Udalak, Alejandro Toquero alkatearekin (UPN), iragarri du Ceutako bandera jarriko duela Erlojuaren etxean, Ceutako Hiri Autonomoaren Egunarekin bat.

Iruñean ere elkarretaratzea egingo dute Udaletxearen plazan, UPNk eta PPk bultzatuta.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Andueza, Bizkaiko zerga-erreformaren legeaz: "Gu koherenteak izango gara eta gure jarrerari eutsiko diogu"

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Euskadi Irratian aurreratu du sozialistek bidea irekiko diotela gaur onartuko den Bizkaiko zerga-erreformaren legeari, gobernu-kidetasuna errespetatze aldera. Nolanahi ere, Anduezak argi utzi du bere alderdiaren jarrera ez dela aldatu. Ohartarazi duenez, erreformak Batzar Nagusien argi berdea jaso dezan, edukia sakon negoziatu beharko dute EAJrekin.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X