Alemaniak Errusia jo du Leipzigeko aireportuaren aurkako erasoaren erantzuletzat
Aireportu hori armak bidaltzeko gune neuralgikoa da, Ukrainako gerrarekin lotutakoak barne.
Alexander Dobrindt Alemaniako Barne ministroak adierazi duenez, Errusia da joan den hilean Leipzigeko aireportuan lehergailuz betetako droneekin egindako atentatuaren erantzulea.
Dobrindtek Johann Wadephul Atzerri ministroarekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, agintariek egindako ikerketek agerian utzi dute erasoaren patroia, aparatuen osagaiak eta horiek lehertzeko erabilitako teknologia barne, erabat bateragarria dela Moskuk Ukrainako gerran erasoak egiteko erabilitako metodoekin.
"Ez dugu Leipzig gertakari isolatutzat hartzen, beste ekintza hibrido batzuekin batera baizik", azaldu du Dobrindtek, eta gaineratu du Alemania ez dagoela gerran, nahiz eta Moskuren eraso "hibrido" horien "eguneroko jomuga" izan.
Bestalde, Wadephulek iragarri du Gobernuak Errusiak Bonnen duen kontsulatu nagusia itxiko duela irailaren 18tik aurrera, Berlingo Errusiaren Etxearekin duen kontratua bertan behera utziko duela eta Errusiako enbaxadorea deituko duela protesta gisa.
Halaber, Atzerri ministroak azaldu duenez, eraso hibridoekin lotutako errusiar jatorriko pertsonen "zerrenda beltz" bat osatzea proposatuko diote Europar Batasunari, eta Gobernuak Errusiako herritarren sarrera-kontrolak indartuko dituela iragarri du.
Dobrindtek “eraso hibridoak” zirela iradoki zuen abuztuaren hasieran, aireportua bisitatu ondoren, eta hasieratik adierazi zuen “ekintza profesionala” zela, agintariek Antonov motako Ukrainako garraio-hegazkin baten ondoan leherrarazi gabeko drone bat aurkitu baitzuen.
Leipzigeko aireportua armak bidaltzeko gune neuralgikoa da, Ukrainako gerrarekin lotutakoak barne. Errusiarren inbasioa hasi zenetik, errekonozimendurako drone ugari identifikatu dira Alemanian.
Gerran inplikatzea leporatu dio Errusiak Alemaniari
Salaketa horien aurrean, Moskuk ziurtatu du "Errusiaren aurkako Alemaniaren erabaki guztiei" erantzungo diela, eta Ukrainak Errusiaren aurka egindako eraso "terroristetan" erabat inplikatuta egotea leporatu dio Berlini.
Ildo horretan, Maria Zajarova Kanpo Arazoetako bozeramaileak "Ukrainako gatazka bultzatzen eta herritarren aurkako atentatu terroristetan parte hartzen leporaino sartuta" egotea leporatu dio Alemaniari, Kieven droneekin Errusiako atzeguardiaren aurka egindako erasoei erreferentzia eginez.