Mila lagun baino gehiago hil dira Nepalen uholdeen ondorioz, eta 3.900 pertsona desagertu dira
21.000 agente baino gehiago ari dira bilaketa eta erreskate lanetan, eta 11.814 pertsona erreskatatzea lortu dute, 253 atzerritar barne.
Nepaleko agintariek mila hildakotik gora zenbatu dituzte astearte honetan, joan den astean izandako uholde handien ondorioz. Era berean, desagertutakoen kopurua 3.900 ingurura jaitsi da, eta horien artean 583 atzerritar daude.
Nepaleko Hondamendi Arriskua Murrizteko eta Kudeatzeko Agintaritza Nazionalak dio orain arte 1.003 gorpu aurkitu direla: 321, Chitwanen; 216, Nawalparasi ekialdean, eta 170, Nawalparasi mendebaldean.
Era berean, zehaztu du 3.916 pertsona agertu barik daudela oraindik, horien artean uholdeak kaltetutako zentral hidroelektriko bateko 639 langile. Kopuru hori astelehenean erakundeak berak zabaldutako balantzearen azpitik dago; izan ere, kopurua 2.502tik 4.247ra igo zuen 24 orduan baino gutxiagoan.
Erreskate-lanak
Bestalde, larrialdi zerbitzuek 11.814 pertsona erreskatatzea lortu dute, tartean, 253 atzerritar.
Erakundeak 279 zauritu zenbatu ditu, eta horietatik 168k alta jaso dute dagoeneko. Bien bitartean, 21.000 agente baino gehiago ari dira bilaketa- eta erreskate-lanetan, eta lan horietan laguntza humanitarioa banatzen ari zaie kaltetutakoei.
Kopuru horiei Txinako lurraldean izandako gutxienez 16 hildako eta 550 bat desagertu gehitu behar zaizkie —horien artean, 261 atzerritar—, Asiako herrialdeko agintariek jakinarazi dutenareb arabera. Halaber, hiru gorpu atera dituzte Indian.