EZBEHARRA ITSASOAN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Zipren ferry bat hondoratuta, eta eskifaia guztia atxilotu dute

Ontziak 259 bidaiari eta tripulazioko zortzi kide zeramatzan, eta Kireniako portutik abiatu eta gutxira irauli da, kostaldetik bi kilometro ingurura. Erreskate taldeak desagertuta dauden 17 lagunen bila ari dira.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Zipre iparraldeko kostaldean, Kirenia herritik gertu, ferry bat hondoratu ostean. 

Ontziak 259 bidaiari eta tripulazioko zortzi kide zeramatzan, eta Kireniako portutik abiatu eta gutxira irauli da, kostaldetik bi kilometrora.

200 pertsona baino gehiago bizirik erreskatatu dituzte, batzuk zaurituta, eta 17 pertsona desagertuta daude.

Unal Ustel Zipreko lehen ministroak erreskaterako "baliabide guztiak" mobilizatu dituztela jakitera eman du. Gainera, ezbeharra kudeatzeko talde bat antolatu dute, Ustel bera buru duena. Lehen neurri gisa, bilaketa eta erreskate lanek etenik gabe jarrai dezatela agindu du, Turkiako zein Zipreko hedabideek zabaldu dutenez.

Hondoratutako itsasontziko tripulazio osoa atxilotu dute

"Zorigaiztoko istripu hau historiara pasatuko da, Ziprek inoiz jasan duen itsas hondamendirik handiena baita", adierazi du Ustelek.

"Bilaketa eta erreskate lanek jarraitzen duten bitartean, ikerketa hasi dugu hondamendi honen arrazoiak lehenbailehen argitzeko. Ontziko kapitaina eta tripulazioko zazpi kide atxilotu dituzte ", iragarri du Ustelek atxilotuen nortasunak jakinarazi gabe.

Hondoratzea

Filojet ontzia, Filo Denizcilik enpresa turkiarraren 40,5 metroko luzera duen abiadura handiko katamarana da hondoratu dena.

Kireniako portutik Turkiara bidean abiatu da goizean eta bidean ekaitz gogor batekin topo egin du.

Eskifaiak laguntza deia egin du (mayday) 12:10ean (09:10 GMT), ontzia Zipreko iparraldeko kostaldetik hiru milia ingurura zegoela, ura sartzen ari zela jakinaraziz.

Berehala hasi da erreskate operazioa. Kostazainen lau txalupa, bi helikoptero, patruila-ontzi bat, eraso-txalupa bat eta Defentsa Zibileko eta Poliziako urpekaritza-ekipoak bertaratu dira, baina ontzia irauli eta urperatu egin da, azkenean.

Itsasontzia 500 metroko sakonera duen gune batean geratu da erabat murgildurik.

Bilaketa dispositibo zabalari laster Turkiako Itsas Indarren bilaketa eta erreskate ontzi bat gehituko zaio, 1000 metrorainoko sakoneran arakatzeko gai dena, hain zuzen ere.

Zipre uhartea zatituta dago 1974tik, turkiarren inbasio militar baten ondorenetik. Zipreko Errepublikak, gehiengo greko-zipretarra eta Europar Batasuneko kide denak, hegoaldea kontrolatzen du, eta iparraldean RTNCk agintzen du, Ankarak bakarrik aitortzen duen erakundea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X