Tiroketa bat izan da "rave" festa batean, Suitzan, eta gutxienez pertsona bat hil da
Tiro ugari entzun dira Aarau hiriko hipodromoan, bertan festa bat egiten ari zirenean.
Gutxienez pertsona bat hil eta beste bost larri zauritu dira gaur goizaldean Aarau hirian, Argovia kantonamenduko hiriburuan (Suitzako iparraldea), egiten ari ziren rave batean izandako tiroketan. Erasotzaileak ihes egitea lortu du.
Antolatzaileen arabera, 2.500 pertsona inguru bildu dira jaia hartu duen hipodromoan.
Segurtasun indarrek dispositibo handi bat jarri dute martxan, Armadaren helikoptero bat barne, eta herritarrei hipodromoaren inguruetara ez joateko eskatu diete, bereziki igerileku publikora, asteburuetan jende asko biltzen baitu, tiroketaren egilea bilatzeko operatiboa martxan dagoen bitartean.
Era berean, agintariek eskatu dute gertakariaren uneko bideoak edo argazkiak izanez gero Poliziari bidaltzeko sare sozialen bitartez.
Poliziak azaldu du oraindik ez dagoela argi zer gertatu den eta erasoa zergatik egin duten.