Europar Batasuna
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Islandiak uko egin dio EBn sartzeko prozesua abiatzeari

Botoen % 100 zenbatuta, ezezkoa (% 52,8) nagusitu da baiezkoak (% 47,2) baino boto gehiago jaso baititu. Bozketa estua izan da, ordea, eta baiezkoa joan da aurretik luzaroan. Emaitzak zabaldu ostean, lehen ministroak adierazi du ez duela aurrera egingo EBn sartzeko negoziazioetan. 

REIKIAVIK, 29/08/2026.- Islandia ya vota este sábado sobre retomar las negociaciones de ingreso a la Unión Europea (UE), interrumpidas en 2013, en una consulta que ha dividido a este país nórdico y con incertidumbre sobre el resultado final. EFE/Anxo Lamela
Erreferenduma Islandian. Argazkia: EFE

Islandiak ezezkoa eman dio erreferendumean Europar Batasunean sartzeko negoziazioei berrekiteari, 5 puntu baino gehiagoko aldearekin (% 52,8 alde eta % 47,2 kontra), botoen % 100 zenbatuta.

Bruselarekin elkarrizketei berriro ekitearen aldekoek 105.339 boto bildu dituzte; aurkakoek, berriz, 118.040. Erreferendumaren emaitza errespetatu egingo duela agindu du Islandiako zentro-ezkerreko gobernuak. 

Azken asteko galdeketek berdinketa iragarri zuten edo baiezkoari abantaila txiki bat eman zioten, bezperan zabaldutako bi inkestek beste emaitza bat aurreikusi arren.

Islandiak 2009an eskatu zuen EBn sartzea, herrialdea gogor astindu zuen krisi ekonomikoaren erdian, baina lau urte geroago, geldiarazi egin zuten prozesua, barne zatiketengatik, euroaren krisiarengatik eta Icesave bankuaren porrotaren ondorioz atzerriko aurreztaileei eman beharreko kalte-ordainengatik EBko hainbat herrialderekin izandako gatazkengatik.

Kristrun Frostadottir sozialdemokrata buru duen hiruko gobernuak (2024tik agintean) erreferendum bat deitzea adostu zuen, bere garaian halakorik ez zela egin argudiatuta.

Subiranotasun nazionala, baliabide naturalen kontrola (arrantza gehienbat) eta bizitzaren garestitzea egon dira eztabaidaren erdian, baita Donald Trump AEBko presidentearen mehatxua ere, Groenlandia bere egiteko erakutsi duen asmoagatik.

Lehen ministroak esan du ez duela aurrera egingo EBn sartzeko negoziazioetan

Kristrun Frostadottir Islandiako lehen ministroak igande honetan baieztatu duenez, bera buru duen gobernuak ez du aurrera egingo Europar Batasunean sartzeko negoziazioetan. Hala adierazi du behin betiko emaitzak ezagutu ostean kazetarien aurrean egin duen agerraldian. 

Emaitza gorabehera, lehen ministroak parte hartze handia (% 82,5) goraipatu, eta "eztabaidaren maila igotzeko" balio izan duela nabarmendu du. 

Halaber, Islandiak Europako Esparru Ekonomikoarekin harremanak sendotzen jarraituko duela ziurtatu du. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X