Trumpek akordioa egin du Venezuelan petrolio erreserbak "bikoizteko", eta Delcy Rodriguezek txalotu egin du
AEBko presidenteak "munduko petrolio akordio handiena" dela esan du, eta Venezuelako presidenteak eskerrak eman dizkio elkarlana indartzeagatik.
Petrolioa erauzteko instalazioak, Venezuelan. Argazkia: EFE
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak larunbat honetan iragarri duenez, "munduko petrolio-akordio handiena" sinatu dute Venezuelako Gobernuarekin, eta horrekin AEBk erreserbak bikoiztea eta erregaien prezioa jaitsi ahal izatea espero dute.
"AEBk akordio bat sinatu berri du Venezuelarekin, munduko petrolio akordio handiena! Nire zuzendaritzapean, Marco Rubio Estatu idazkariak eta Pete Hegseth Gerra idazkariak, Delcy Rodriguez Venezuelako behin-behineko presidentearekin elkarlanean, eta sektore pribatuarekin elkar hartuta, AEBk 65.000 milioi petrolio upel baino gehiagoren kontrola lortu du, eta ez du kosturik izango herritar estatubatuarrentzat", adierazi du AEBko agintariak bere sare sozialetan zabaldutako argitalpen batean.
Horrela, Trumpek baieztatu du itun horri esker "petrolio horniduraren erreserbak bikoiztu" eta erregaien prezioa "nabarmen murriztu" ahal izango dela epe luzera. Erabaki horrekin, buruzagi errepublikanoak erregaiek izan duten garestitzeari egin nahi izan dio aurre, AEBko familien poltsikoa zigortzen eta eztabaida ekonomiko nazionala markatzen ari den gaia baita.
Era berean, Trumpen esanetan, itun horri esker "Venezuelak izugarrizko arrakasta eta oparotasuna lortzen jarraitu ahal izango du", eta AEBko Gobernuaren eta Venezuelakoaren arteko harremana estutu egingo da.
Bestalde, Rubiok azpimarratu duenez, Caracasen eta Washingtonen arteko akordioak "ia 100.000 milioi dolar (86.000 milioi euro inguru) ekarriko ditu inbertsio pribatuan", eta "ondo ordaindutako milaka lanpostu babestuko ditu eta Venezuelako ekonomia berreraikitzea bultzatuko du".
Delcy Rodriguezen hitzetan, "akordio historikoa da"
Delcy Rodriguez Venezuelako presidente arduradunak ostiral honetan baieztatu duenez, "akordio historikoa" sinatu dute AEBrekin, eta eskerrak eman dizkie Trumpi eta Rubiori, "aldebiko harremanetan mugarri historikoa" ezarri duen aliantza egiteko prestutasunagatik.
Rodriguezen hitzetan, 17 eremu estrategiko garatzea aurreikusten da akordioan, "65.000 milioi petrolio upeleko ustiaketarekin, 100.000 milioi dolar baino gehiagoko inbertsioarekin eta Estatuari zergatan 209.000 milioi dolar baino gehiago emanez".
"Venezuelako hidrokarburoen industria garatu ahal izateko azpiegitura estrategikoa berreskuratzeko eta berreraikitzeko" beharrezko dirua lortzea erraztuko omen du horrek.
Rodriguezen esanetan, "energiaren ekoizpenean potentzia" izateko prozesua egonkortzea da helburua, "erreserba handi horiekin garapen nazionala, enpleguen sorrera, langileen diru-sarreren hazkundea eta venezuelarren ongizatea bulzatzeko".