Ratko Mladic hil da, "Bosniako harakina" ezizenez ezaguna eta gizateriaren aurkako krimenengatik kondenatua
Hamar kargu egotzi zizkioten, tartean Srebrenicako genozidioarena, eta biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kartzela zigorra betetzen ari zela, buruko hainbat isuri izan zituen. Hori dela eta, bere familiak Serbian tratamendua jaso ahal izateko eskatu zion auzitegiari.
Ratko Mladic serbiar-bosniar komandante ohia. Argazkia: EFE
Ratko Mladic serbiar-bosniar komandante ohia, Bosniako harakina ezizenez ezaguna eta Bosniako gatazka armatuan (1992-1995) egindako gerra eta gizateriaren aurkako krimenengatik 2017ko azaroan zigortu zuten gizona, hil egin da, gaur, osteguna, 84 urte zituela, Haga hiriko (Herbehereak) kartzelan.
Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak biziarteko kartzela zigorra ezarri zion Mladici, hamar karguren erruduntzat jo baitzuen, tartean Srebrenicako genozidioarena. Buruko hainbat isuri izan ditu urteotan espetxean zela.
Familiak auzitegiari eskatua zion tratamendua Serbian jasotzeko baimena eman ziezaiola; Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak ere berriki egina zuen eskaera.
Azkenean, ordea, espetxean hil da, Lidija Pavicevic Serbiako Giza Eskubideen eta Gutxiengoen Ministerioko estatu idazkariak Srna albiste agentziari jakinarazi dionez.
Serbiako eta Bosnia-Herzegovinako hedabideek familiako iturriak aipatuz zabaldu duten informazioaren arabera, gaixotasun luze baten ondoren hil da.
Mladicen heriotzari buruzko ikerketa zabaldu du NBEko auzitegiak
Mladicen heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du Zigor Auzitegietarako Nazioarteko Hondar Mekanismoak (MICT, ingelesez), Nazio Batuen Erakundearen erakunde judizialak, hain zuzen ere.
Herbehereetako agintariek, berriz, herrialdeko legediak aurreikusitako prozedurak eta ikerketak abiatu ditu.
Serbian hiltzea ukatu diotela salatu du Mladicen defentsak
Defentsa abokatuek ostegun honetan salatu dute NBEko epaitegiak ez zuela onartu arrazoi humanitarioengatik Mladic espetxetik irten eta azken egunak Serbian pasatu ahal izatea.