Merzek herrialdeak erregistratutako azken drone erasoen arduradunak zigortuko dituela agindu du
Alemaniako agintariek astearte honetan jakinarazi dutenez, hirugarren drone bat aurkitu dute Leipzigeko aireportutik gertu; hilabete hasieran lehergailuz kargatutako beste bi artefaktu aurkitu zituzten inguru horretan bertan.
Leipzigeko aireportua. Argazkia: EFE
Astearte honetan, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak adierazi du Alemania eraso hibridoen jomuga bihurtu dela azken urtean. Leipzigeko aireportuan lehergailuz betetako drone batekin izandako istilua izan da azkena. Merzek agindu du arduradunek egindakoagatik "ordaindu" egingo dutela.
Orain arteko ikerketek zehaztu dutenez, hirugarren drone hori joan den abuztuaren 14an aurkitu zuten, aerodromoaren mendebaldeko eremuaren inguruan.
Aurretik, Poliziak lehergailuz kargatutako bi drone agertu zirela iragarri zuen: bat, zama-hegazkinen eremuan; bestea, Ukrainako Antonov hegazkin baten ondoan. Inguru horretan zeuden teknikariek lehergailu hondakinak aurkitu zituzten. Karga ez zen lehertu.
Merzek sendo ziurtatu du Berlinek "erantzun egingo diela" herrialdearen aurkako eraso hibridoen arduradunei. Gobernuak Errusia esplizituki aipatzea saihestu du, haren ordez "atzerriko potentzia" bat dela esanez. Hala ere, Alemaniako segurtasun-iturriek ziurtatutzat jo dute Errusiako zerbitzu sekretuek sabotajearen plangintzan parte hartu dutela.
Leipzigeko aireportua armamentua bidaltzeko gune neuralgikoa da, Ukrainako gerrarako bereziki. Inbasioa hasi zenetik, Alemaniak droneekin egindako erasoen eta instalazio militarren behaketen hazkunde nabarmena erregistratu du.
Merzek egileak zuzenean seinalatu ez dituen arren, Alemaniak Ukrainari laguntzen jarraituko duela bermatu du, eta argitu du helburua ez dela gerra luzatzea, baizik eta "bake-negoziazioak" sustatzea.