Ceutako krisia bideratzeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera eta aginte bakarra deitu du Sanchezek gaurko
Margarita Robles Defentsa ministroak agerraldia egingo du gaur Kongresuko Defentsa Batzordean, Ceutako krisiaren berri emateko. Datozen egunotan Behe Ganberako hainbat batzordetan hitz egingo duten zortzi ministroetatik lehena izango da.
Ceuta, artxiboko irudia. Argazkia: EuropaPress
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du gaurko, abuztuak 25, Ceutako egoera aztertzeko, Marokotik 80.000 migratzaile sartu eta 26 egunera, iturri ofizialek baieztatu dutenez.
Bilera Moncloa Jauregian izango da (09:00etan), Ministroen Kontseiluaren (10:00etan) aurretik. Udako etenaldiaren ondorengo lehen Kontseilua izango da, eta hiri autonomoari buruzko hainbat gai ere jorratuko dira bertan. PPko Juan Jesus Vivas Ceutako presidenteak telematikoki parte hartzea aurreikusi dute, Espainiako Gobernuak ohar baten bidez baieztatu duenez.
Gainera, Esperanza Casteleiro Espainiako Inteligentzia Zentroaren (CNI) zuzendariak, Loreto Gutierrez Segurtasun zuzendariak eta Teodoro Esteban Lopez Calderon Defentsako Estatu Nagusiaren buruak parte hartzea espero da.
Zer da Segurtasun Nazionaleko Kontseilua?
Segurtasun Nazionaleko Kontseilua Espainiako Gobernuko presidenteari Segurtasun Nazionaleko politika eta Segurtasun Nazionaleko Sistema zuzentzen laguntzen dion organoa da. Gobernuburuak ez ezik, hauek ere osatzen dute: lehendakariordeek, Kanpo Arazoetako, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako, Defentsako, Barne Arazoetako, Ogasuneko eta Garraioetako ministroek, besteak beste. Erregea joan daiteke deialdietara eta, hala eginez gero, Kontseiluko buru da.
Gutxienez bi hilean behin biltzen da, edo beharrezkotzat jotzen duen guztietan, bai eta Segurtasun Nazionalari eragiten dioten inguruabarrek hala eskatzen dutenean ere. Hala ere, organo hori apirilaren 21ean bildu zen azken aldiz. Era berean, Felipe VI.ak Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren bilera bat zuzendu zuen azken aldia 2025eko apirilaren 29a izan zen, itzalaldia zela eta.
Aginte bakarra Ceutan, asteartetik aurrera
Carlos Cuerpo presidenteorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak astelehen honetan Ceutan iragarri duenez, Espainiako Gobernuak segurtasun nazionalerako egoera deklaratuko du hiri autonomoan asteartetik aurrera.
Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak zuzenduko du egitura hori.
Ceutako presidente Juan Jesus Vivasekin bildu ondoren egin du iragarpena, eta Ceutako 2022ko Garapen Sozioekonomiko Integralerako Planaren ezohiko eta berehalako zabalkuntza aurkeztu du. Plan horrek 180 milioi euro baino gehiago izatea aurreikusita zegoen, eta segurtasuna indartzeko, migratzaileak Marokorako bueltatzea kudeatzeko eta hiriko ekonomia suspertzeko neurriak hartuko ditu.
Aginte bakarra errege-dekretu bidez bideratuko dute, Ministroen Kontseiluak onartuko duena, eta inplikatutako administrazioen eta erakundeen arteko koordinazioa indartuko du.
Torres izango da buru, eta batzorde espezializatu bat izango du, hauekin osatuta: Ceutako Gobernua (Vivasen bidez), Gobernuaren Ordezkaritza, Inteligentzia Zentroa (CNI) eta inplikatutako ministerioak; Segurtasun Nazionaleko Departamentuak aholkularitza emango du.
Egitura horrek krisiaren kudeaketaren "mugarri" izango dela adierazi du Cuerpok, uste baitu arazoa ez dela segurtasun kontuetara mugatzen, jarduera koordinatua eskatzen baitu aberriratzeak, adingabeei arreta ematea eta nazioarteko babes eskaerak izapidetzeko, besteak beste.
Itzulera-prozedurak "ahalik eta azkarren" egitea da helburua, hala dagokionean, eta adingabeen eta asiloa eskatzeko edo jasotzeko eskubidea dutenen espedienteen ebazpena azkartzea. Ministroak ez du zehaztu noiz jo ahal izango den normalizatutzat egoera, baina mekanismo berri horren bidez emaitzak "ahalik eta azkarren" lortzea espero du.
Presidentearen eta ministroen agerraldia
Gaur, asteartea, Margarita Robles Defentsa ministroak Kongresuko Defentsa batzordean agerraldia egingo du, berak hala eskatuta, Ceutako Hiri Autonomoko gertakarien inguruan bere sailak egindako kudeaketaren berri emateko.
Hainbat batzordetan hitz egingo duten zortzi minitroetatik aurrena izango da bera. Ostegunean Felix Bolaños Presidentziako ministroak eta Monica Garcia Osasun ministroak hitz egingo dute. Ostiralean Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, Jose Manuel Albares Kanpo ministroak eta Elma Saiz Migrazio ministroen txanda izango da, eta datorren astean Sira Rego Gazteria eta Haurtzaroko ministroarena eta Ana Redondo Berdintasun ministroarena.
Horrez gain, aldi baliogabeetan (abuztua, berbarako) osoko bilkura ordezkatzen duen Kongresuko Diputazio Iraunkorrak asteazkenean eztabaidatuko du, PPk eskatuta, ea Espainiako Gobernuko presidenteak Ceutako krisiaren ondorioz Behe Ganberan ezohiko agerraldia egin behar duen ala ez.
Talde parlamentario guztiak proportzionalki ordezkatuta dauden organo horren bileran eztabadatuko dute, halaber, Sanchezen Kabineteko hamar ministrok Kongresura premiaz joan beharko ote diren, Ceutako egoeraren hainbat alderdiri heltzeko, besteak beste.