Ormuzen aldi baterako igarobide seguru bat irekiko dutela laster aurreikusi du Omanek
Iranek eta Omanek negoziazio teknikoekin jarraituko dute itsas ibilbide iraunkor bati buruzko akordio bat lortzeko, bai eta informazioa trukatzeko, itsas trafikoa kudeatzeko eta nabigazio- eta segurtasun-zerbitzuak emateko mekanismoak ezartzeko ere.
Badr Al Busaidi Omango Atzerri ministroak astearte honetan iragarri duenez, Ormuzko itsasartetik ontziak igarotzeko aldi baterako korridore bat ezartzea espero du.
"Ormuzko itsasarterako aldi baterako korridore bat eta nabigazio segurua berrezartzeko neurri praktikoak iragarriko ditugu", adierazi du X sare sozialean, Teheranen Abbas Araghtxi Irango bere homologoarekin egindako bileraren ostean.
Diplomaziaren buruak "eraikitzailetzat" jo du Teheranen izandako elkarrizketa, eta itsasartearen etorkizuneko kudeaketa eta irtenbide iraunkorra "une egokian" aztertuko direla adierazi du, Islamabadeko memorandumaren 5. artikuluari erreferentzia eginez.
Al Busaidik gaineratu du Omanek elkarrizketak izango dituela inguruko beste kide batzuekin "bakea eta lankidetza, egonkortasuna eta nabigazio askatasuna" babesteko.
Bileraren ondoren igorritako komunikatuaren arabera, Iranek eta Omanek negoziazio teknikoekin jarraituko dute itsas ibilbide iraunkor bati buruzko akordio bat lortzeko, bai eta informazioa trukatzeko, itsas trafikoa kudeatzeko eta nabigazio- eta segurtasun-zerbitzuak emateko mekanismoak ezartzeko ere.