Lehendakariak alderdiak eta eragile sozioekonomikoak biltzera deituko ditu irailean, ekonomiaz, autogobernuaz eta etxebizitzaz aritzeko
Bilera-sortaren helburua, 2024an egindakoaren antzera, legegintzaldiaren bigarren zatiari "elkarrizketatik ezberdinen arteko akordioak bilatzeari" ekitea da. Bestalde, Ceutako krisi humanitario eta politikoan izandako lankidetza falta deitoratu du lehendakariak.
Imanol Pradales lehendakariak ostegun honetan iragarri duenez, alderdi politikoak eta eragile sozioekonomikoak biltzera deituko ditu iraileko lehen hamabostaldian, honako hiru lan-esparru hauen inguruan hitz egiteko asmoz: ekonomia, autogobernua eta etxebizitza. Urte politikoaren atariko lehen Gobernu Kontseiluaren ondoren eman du horren berri, Donostiako Miramar Jauregian.
Hitzaldian, Pradalesek konpromisoa hartu du "euskal herritarren kezkei erantzuteko eta gure herria etorkizunerako prestatzen jarraitzeko", benetan axola duen horretan arreta jarriz horretarako.
Hiru lan-eremu
Topaketa horietako lehendabiziko aztergaiak egoera ekonomikoa eta hazkunderako eta enplegurako etorkizuneko aurreikuspenak izango dira. Testuinguru horretan, Pradalesek 2027ko aurrekontuen proiektuari begirako jarraibide orokorrak ere partekatuko ditu.
Bigarren gaia autogobernua "indartzea eta zabaltzea" izango da, "Euskadik 13 gaitan dituen araugintza-ahalmenak zabaltzeko edo berritzeko" legegintza-izaera duen "funtsezko bide batean". Pradalesek Espainiako Gobernuarekin Gernikako Estatutua osatzeko negoziazioen egoeraren berri ere emango du.
Hirugarrena etxebizitzaren arazoa izango da. Etxebizitzaren Gizarte Funtsari buruzko ildo nagusiak partekatuko dituzte, inbertsio publikoa eta ekarpen pribatua uztartzen saiatuko baitira. Industria eta euskara ere izango dituzte hizpide.
Desberdinen arteko elkarrizketa indartzea
Bilera-sortaren helburua, 2024an egindakoaren antzera, legegintzaldiaren bigarren zatiari "elkarrizketatik eta akordioen bilaketatik abiatuta" aurre egitea da, "euskal herritarrentzat batere onuragarriak ez diren gatazka antzuak" alde batera utziz eta parte hartzeko eta negoziatzeko gune berriak bultzatuz.
Testuinguru horretan, lehendakariak Legebiltzarreko egungo gehiengoetatik haratago akordioak bultzatzeko nahia agertu du. "Nazioarteko ziurgabetasun handiko egoeraren eta 2027an irekiko den hauteskunde-ziklo berriaren aurrean, beharrezkoa da egoeraren diagnostikoa partekatzea, elkarrizketa-giroa indartzea eta Euskadin akordioak bilatzen laguntzea", azpimarratu du.
Ceutako krisi humanitarioa
Halaber, lehendakariak deitoratu egin du Ceutako krisi humanitarioari eta politikoari behar bezala aurre egiteko akordiorik eta lankidetzarik ez izatea. Kudeaketa horretan, "Europak huts egin duela ikusten ari gara, Gobernuak ez duela modu eraginkorrean erantzun, eta oposizioa ez dagoela dagokion tokian".
Horregatik, Pradalesek dei egin die inplikatutako alde guztiei erantzun "eraginkorra eta gizatiarra" emateko migrazio-krisi honi. "Horrek azkartasuna, gardentasuna, lankidetza eta batasuna eskatzen du", amaitu du.