Ceutara 25 milioi euro bideratzea onartu dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek, Voxen babesik gabe
Neurria bileran egon diren autonomia erkidegoen boto guztiekin (aho batez) atera da aurrera. Gaztela eta Leon, Aragoi eta Extremadura —Haurtzaro konpetentziak Voxek dituen erkidegoak— ez dira bileran izan.
Migratzaileak, Trampolin hondartzan, Ceutan. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak eta erkidegoek Ceutara 25 milioi euroko aparteko funtsa bideratzea onartu dute, ostegun honetan, Haurtzaroaren Konferentzia Sektorialean, uztail amaieran hirian izandako migrazio-krisiaren ostean adingabeak artatzeko.
Bileran izan diren erkidego guztiek aho batez hartu dute erabakia. Aragoi, Gaztela eta Leon eta Extremadura ez dira hitzorduan izan; erkidego horietan PP dago Gobernuan, baina Voxek daramatza Haurtzaro sailak.
Espero zen bezala, oraingo honetan ere ez da aztertu Ceutan bakarrik dauden adingabe migratzaileen arreta zein horiek banatzeko irizpide posibleak. Ana Davila Madrilgo Erkidegoko Familia, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak hedabideei azaldu dienez, Ministerioak puntu hori kendu du bileratik.
Hala ere, Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak hainbat proposamen helarazi dizkie erkidegoei adingabeen arretari buruz.
Gobernuaren arabera, orain arte 1.500 adingabe identifikatu dituzte Ceutan, eta horietatik 500 neska (adingabe) beste autonomia erkidego batzuetara premiaz eramateko plan batean lanean ari da Ministerioa.