200 lagun inguruk manifestazioa egin dute Ceutan, bizilagun elkarteek protestak bertan behera utzi arren
Espaiako Gobernuaren kudeaketaren aurka protesta egiteko manifestazioa deituta zegoen larunbat gauerako, baina bertan bertan behera geratu da "talde ultrak" iritsi direla jakin ostean. Iluntzean sareetatik deitutako protesta bat izan da, ordea.
Ostiralean Ceutan izandako manifestazioan hartutako irudia. Argazkia: EFE
200 pertsona inguruk -albiste agentzien arabera- manifestazioa egin dute gaur iluntzean Ceutan, "inbasiotzat" jotzen dutenaren aurka protesta egiteko eta hirira legez kanpo sartu ziren pertsona guztiak Marokora berehala itzultzeko eskatzeko.
Bizilagunek deitutako mobilizazioak bertan behera geratu dira, berez, larunbat honetan, azken bi egunetan izandako istiluen ondorioz. Hala ere, herritar talde batek "eserialdi baketsua" deitu du sare sozialen bidez.
Eserialdia hiriko Errege Harresietan egitea aurreikusita zegoen, baina, azkenean, Tarajaleko mugarantz manifestazio bihurtzea erabaki dute.
Bizilagunek modu baketsuan egin dute protesta, beste egun batzuetan baino pertsona gutxiagorekin.
Protestak bertan behera
Berez, Ceutako bizilagunek bertan behera utzi dituzte asteburu honetan egitekoak ziren protestak, iragan egunetan migratzaileen aurkako indarkeria kasuak izan eta gero.
Duela hilabete Marokotik milaka migratzaile sartu eta gero, tentsio handia bizi izan da azken asteotan Ceutan, eta herritarren haserreak eta istiluek gora egin dute azken egunotan.
Batzuek mezu arrazistak zabaltzeko eta erasoak egiteko baliatu dituzte azken protestak, eta horren aurrean, behin-behinean protestak bertan behera utzi dituzte auzo-elkarteek, "mezu arrazistek indarra hartu ez dezaten". Izan ere, Ceuta historikoki "kultur arteko bilgune" izan dela nabarmendu dute elkarte horiek.
Ostiraleko manifestazioa, esate baterako, CETIaren eta ondoko Benitez hondartzaren inguruetara iritsi zenean, "Ez gara arrazistak, errealistak gara" oihuak entzun ziren, polizia-hesira iritsitakoan baina martxa amaieran, tentsio-uneak bizi izan ziren bizilagunen eta kazetarien artean, herritar batzuk kazetariei oldartu egin baizitzaizkien.
Protesta horietan talde ultraeskuindarren mezuak ere entzun ziren, eta, giroa arte gehiago gaiztotu ez dadin, asteburua pasatzen uztea erabaki dute auzo-elkarteek, animoak baretzeko.
Larunbat gauean egitekoa zen manifestazioa bertan behera, talde ultraeskuindarrak heldu direlako
Hain zuzen ere, gaur gauerako manifestazioa deituta zegoen Espainiako Gobernuaren kudeaketaren aurka protesta egiteko, baina bertan behera geratu da "talde ultrak" hirira iritsi direla jakin ostean. Antolatzaileek manifestazioa bertan behera utzi dutela iragarri dute, "indarkeria bultzatzen duten taldeak" egon daitezkeelako.
Antolatzaileek "indarkeria, gorrotoa edo arrazakeria" sustatzen duten kolektiboekiko edozein lotura ukatu dute, eta ultraeskuindar taldeen presentziak euren aldarrikapenen izaera zikindu dezaketela salatu dute.
"Oso argi utzi nahi dugu ez dugula gure hirian indarkeria, gorrotoa edo arrazakeria bultzatzen duen inongo talde babestuko", adierazi dute antolatzaileek ohar batean.
Protestak modu paketsuan egin behar direla berretsi dute, krabelinekin egindako bat bezala.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera