Gizon bat atxilotu dute Bilbon gazte bati botila batekin aurpegian ebakia egiteagatik
Erasoa gaur goizaldean izan da, Abandon, Bilbon Aste Nagusia ospatzen ari ziren bitartean. Halaber, bi pertsona atxilotu dituzte txosnetan, indarkeria matxista egotzita.
Ertzaintzak gizon gazte bat atxilotu du gaur goizaldean Bilbon, mutil bati botila hautsi batekin aurpegian ebakia egiteagatik. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute zauria sendatzera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizaldeko laurak eta hogei aldera gertatu da erasoa, Bilboko erdiguneko Abando auzoan, egunotan Aste Nagusia ospatzen ari den hirian.
Larrialdietarako zerbitzuek dei bat jaso dute eraso horren berri emateko, eta patruilak bertaratu dira. 24 urteko biktimak zituen lesioak ikusita, osasun-langileak bidaltzeko eskatu, eta zauritua Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Agenteek bildutako datuen arabera, zauritua eta 26 urteko mutil bat borrokatu egin dira, eta, elkar jotzen ari zirela, 23 urteko gizon bat hurbildu zaie, eta aurpegian zauria egin dio biktimari, hautsitako botila batekin.
Horren aurrean, erasotzailea atxilotu dute, lesio-delitu bat egotzita. Biktima eta 26 urteko mutila, berriz, ikertu gisa deituko dituzte, lesio-delituak egotzita.
14 atxiloketa
Guztira, Bilboko Udaltzaingoak 14 pertsona atxilotu ditu hiriko jaietako 7. egunean, horien artean bi gizon genero-indarkeriagatik eta bi emakume etxeko indarkeriagatik.
Jakinarazi dutenez, 66 salaketa jaso zituzten atzo, eta horietatik 53 ebasketengatik jarri zituzten. Gainera, 70 kilo janari baino gehiago konfiskatu dizkiete kalean saltzeko baimenik ez duten saltzaileei.
Txosnen eremuan, bi pertsona atxilotu dituzte genero-indarkeriagatik, hiru ebasketagatik, beste bat atentatuagatik, beste bat mehatxuengatik eta beste bat etxeko indarkeriagatik.
Jai-eremutik kanpo, sei atxiloketa egin dira lesioak, mehatxuak, lapurreta, erreklamazio judizial bat, urruntze-agindua urratzea eta etxeko indarkeria egotzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera