Gertaera
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hiru pertsona atxilotu dituzte Bergaran estortsioa eta legez kanpoko atxiloketa egotzita

Ertzaintzako agenteek bi gizon eta emakume bat atxilotu zituzten ostegun arratsaldean, legez kanpoko atxiloketa eta herritar baten estortsioa egotzita. Diru kantitate bat eskatzen zioten biktimari.

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Bergaran, herritar bati estortsioa egitea eta legez kanpo atxilotzea egotzita. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, biktimari diru kantitate bat eskatzen zioten.

Ostegun arratsaldeko sei eta erdiak aldera, bi pertsona Deba Urolako ertzain-etxera joan ziren, Bergarako Alde Zaharreko eraikin batean beren borondatearen aurka atxikitako pertsona bat egon zitekeela esanez.

Bertaratutako agenteek etxera sartzea lortu zuten, eta lau pertsona aurkitu zituzten: hiru gizon eta emakume bat. Gizonetako batek, biktimak, odola zuen buruan, eta zorabiatuta zegoen. Arrasateko Ospitalera eraman zuten.

Biktimak azaldu zuenez, aurreko egunetik zuten atxikita. Ustezko egileek kalean aurkitu zuten eta haien etxera laguntzeko agindu zioten, zor bat kitatzeko. Han, etxeko giltzak eta dokumentazioa kendu zizkioten, berea eta amarena. Ustezko zorra erreklamatzeaz gain, eraso egin zioten. Gainera, biktimaren ama zegoen egoitzara ere eraman zuten, ondoren bankutik dirua ateratzeko, baina ez zuten lortu.

Ustezko erasotzaileak 37 urteko emakume bat eta 30 eta 31 urteko bi gizon dira, eta delitu-aurrekariak dituzte. Epailearen esku uzteko zain daude.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X