Dieselaren prezioaren deskontua 20 zentimora igo da litroko; gasolinaren prezioaren gainekoa, ordea, 5 zentimora jaitsi
Gasolioaren prezioaren gainean ezarritako beherapen fiskala bikoiztu egingo da gaurtik aurrera, eta gasolinaren gainekoa, berriz, erdira murriztu.
Dieselaren prezioari aplikatutako deskontua litroko 10 zentimotik 20 zentimora igo da, eta gasolinaren beherapena, berriz, 10 zentimotik 5era jaitsi. Aldaketa hori erregaien prezioen udako bilakaerak eta Ekialde Hurbileko egoerak eragin dute.
Zergatik igo da dieselaren prezioaren deskontua?
Gasolioa % 15,7 garestitu zen uztailean, eta zifra horrek Espainiako Gobernuak babes-klausula aktibatzeko ezarritako muga gainditu zuen. Neurriak hobaria aldi baterako handitzea ahalbidetzen du, erregaien prezioa nabarmen igotzen denean.
Ekainean, gasolinaren eta dieselaren prezioak % 15 baino gutxiago igo ziren, eta, beraz, laguntzak pixkanaka kentzeko aurreikusitako egutegiarekin jarraitu zen. Hala ere, uztailean gasolioaren salneurriaren igoerak automatikoki aktibatu zuen klausula, eta irailaren 1etik aurrera deskontua litroko 20 zentimora iristea eragin du.
Zer deskontu aplikatzen zaio gasolinaren prezioari?
Gasolinaren kasuan, litroko 5 zentimokoa izango da beherapena, eta abuztuan 10 zentimokoa izan zen.
Gasolina % 7,3 garestitu zen uztailean, babes-klausula aktibatzeko behar zen % 15aren oso azpitik. Hori dela eta, deskontuak Gobernuak aurreikusitako erretiratze progresiboarekin jarraitzen du.
Erregaien prezioak eta hobariak
Ekainaren amaieran onartutako Errege Lege Dekretuak martxotik indarrean zegoen laguntza-sistema aldatu zuen. Erregaien BEZa % 21eko tasa orokorrera itzuli zen, eta hobariak ezarri ziren hidrokarburoen gaineko zergan.
Hasieran ezarritako egutegiaren arabera, uztailean litroko 15 zentimoko beherapena ezarri zen, abuztuan 10 zentimokoa, eta irailean 5, zentimokoa. Dieselaren prezioak uztailean izan duen bilakaeraren ondorioz, erregai hori egutegi horretatik kanpo geratu da aldi baterako, eta 20 zentimoko hobaria izan du.
Laguntzak, hasiera batean, irailaren amaieran kenduko dira
Abuztuko inflazioaren datua aurreratuari erreparatuta, erregaiak garestitu egingo dira, baina oraindik ezin jakin zenbat zehazki. Nolanahi ere, dekretuak dakarren mekanismoak ez du aurreikusten abuztuko prezioen bilakaerak deskontuak aktiba ditzakeenik.
Berez, erantzun planak irailaren amaierara arte aurreikusten ditu laguntza horiek. Gobernuak adierazi du Irango ekonomiaren bilakaeraren eta gatazkaren eraginaren jarraipena egiten ari dela, baina, oraingoz, ez du jakinarazi hobariak irailetik aurrera ezarriko diren ala ez.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela