Asteartean jarriko da indarrean dieselaren prezioaren gaineko 20 zentimoko beherapena
Orain arte litroko 10 zentimo merkatzen zen. Erregaiaren garestitzeari aurre egitea da neurriaren helburua, uztailean % 15,7koa izan baita.
Automobilgintzako gasolioak 20 zentimoko beherapena izango du litroko hidrokarburoen zergan irailaren 1etik, asteartetik, aurrera, abuztuan izan duenaren bikoitza (10 zentimo litroko). Erregaia uztailean % 15,7 garestitu zen.
Gasolinari aplikatzen zaion beherapena, berriz, 10 zentimotik 5 zentimora jaitsiko da irailean, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioei erantzuteko planean aurreikusita zegoen moduan.
Ekainaren amaieran onartutako Errege Lege Dekretuak martxotik indarrean zeuden erregaien prezioen gaineko laguntza fiskalak moldatu zituen. Horrela, BEZa % 21eko tasa orokorrera itzuli zen, eta hobariak hidrokarburoen zergara mugatu ziren, hilean-hilean murriztuko ziren deskontuak ezarrita (15 zentimo litroko uztailean, 10 zentimo abuztuan eta 5 zentimo irailean).
Dekretuak berak aurreikusten du laguntza neurriak pixkanaka kentzeko prozesua eten egin zitekeela erregaien prezioa asko igotzen bazen, eta, horretarako, babes-klausula bat arautu zuen.
Klausula horren arabera, gasolinaren edo gasolioaren kontsumoko prezioen indizea (KPI) % 15etik gorakoa bazen ekainean, abuztuan 20 zentimoko deskontua aktibatuko litzateke, eta garestitze hori uztailean gertatuz gero, irailean aplikatuko litzateke.
Ekainean, gasolinaren eta gasolioaren inflazioa % 15eko muga horren azpitik geratu zen, eta, beraz, deskontua pixkanaka kendu egin zen, baina uztailean diesela % 15,7 garestitu zenez, klausula automatikoki aktibatu zen.
Horrela, irailaren 1etik aurrera, diesel hidrokarburoen gaineko zerga litroko 20 zentimo murriztuko da, eta gasolinaren deskontua litroko 5 zentimokoa baino ez da izango, erregai hori % 7,3 garestitu baitzen uztailean, klausulak aurreikusten duen % 15eko langatik urrun.
Laguntza neurri horiek irailaren amaierara arte soilik aplikatzea aurreikusten du Espainiako Gobernuaren planak, baina Gobernuak adierazi du "minutuz minutu" ari dela jarraitzen "Irango gatazka Espainiako ekonomian duen eragina".
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela