Erregaiek % 4,3ra igo dute inflazioa abuztuan, tasarik altuena 2023tik
Uztailean baino zazpi hamarren gorago igo da inflazioa (% 3,6), eta 2023ko otsailetik izan duen mailarik altuenean dago. Horretan eragina izan dute, neurri txikiagoan bada ere, elikagaiek eta alkoholik gabeko edariek ere, horien prezioak gutxiago jaitsi baitira abuztuan.
Pertsona bat gasolindegi batean bere motozikleta erregaiz hornitzen. Argazkia: EFE
Espainiako Estatuan prezioak % 4,3 igo dira abuztuan, 2025eko hilabete bereko datuekin alderatuta, erregaien garestitzeak bultzatuta. Igoera hori uztailekoa baino zazpi hamarren handiagoa izan da (% 3,6), eta inflazioa 2023ko otsailetik izan duen mailarik altuenera eraman du.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) hilabete honetako kontsumo-prezioen indizearen (KPI) aurrerapen-datua argitaratu du ostiral honetan. Ibilgailuentzako erregaien eta lubrifikatzaileen garestitzeak markatu ditu datu horiek; izan ere, 2025eko abuztuan horien prezioak jaitsi egin ziren.
Elikagai eta alkoholik gabeko edarien prezioek ere eragina izan dute horretan, baina neurri txikiagoan, aurtengo abuztuan iazko hilabete berean baino gutxiago merkatu baitira. Hala ere, irailaren 15ean argitaratuko du INEk informazio zehatza.
Abuztuko aurrerapen-datuak inflazioaren azelerazioa erakusten du. Aurtengo uztailean ere lau hamarren egin du gora, % 3,6raino, produktu energetikoen garestitzeak bultzatuta, bai Ekialde Hurbileko gatazka luzatzen ari delako, bai laguntza fiskalak kentzen hasi direlako.
Ekonomia Ministerioaren arabera, abuztuko prezioen igoeraren atzean dago Ekialde Hurbileko gatazkak erregaiak garestitzea eragin izana. Ministerioak horren harian adierazi duenez, joera hori ez da azpiko inflaziora igaro.
Halaber, Espainiako Gobernuak adierazi du "minutuz minutu" jarraitzen duela Iranen gatazkak Espainiako ekonomian duen eragina, gizarte-eragileekin eta kaltetutako sektoreekin batera. Gainera, gogorarazi du Erantzun Planean jasotako laguntza-neurriek indarrean jarraitzen dutela.
Dieselerako deskontua
Abuztuan, erregaiek litroko 10 zentimoko deskontua izan dute hidrokarburoen zergan, uztailekoa baino pixkat gutxiago (15 zentimo litroko), Gatazkari Erantzuteko Planak aurreikusi bezala.
Babes-neurriak pixkanaka kentzeko prozesuak irailean jarraitu behar zuen, litroko 5 zentimoko deskontuarekin, urriaren 1ean erabat desagertu arte, indarrean dagoen dekretuak iraila amaitu arte bakarrik arautzen baititu laguntza fiskalak.
Babes-klausula
Hala ere, uztaileko gasolioaren prezioaren igoera handiak babes-klausula aktibatu du, eta, beraz, irailaren 1etik aurrera produktu horretarako hidrokarburoen zergaren jaitsiera litroko 20 zentimokoa izango da, hilabete horretarako aurreikusitako 5 zentimoko jaitsieraren ordez.
Klausula horren arabera, ekainean erregairen baten prezioa % 15 baino gehiago garestituz gero, horren deskontua litroko 20 zentimora igoko litzateke abuztuan, eta uztailean garestituz gero, deskontua irailean aplikatuko litzateke.
Hala gertatu da gasolioarekin (% 15,7 garestitu da uztailean), ez gasolinarekin (% 7,3 hilabete horretan); beraz, irailean 5 zentimoko deskontua izango du, aurreikusita zegoen bezala.
Dekretuak ez du aurreikusten abuztuko inflazio-datuak biltzen dituen klausula aktibatzea; izan ere, xehetasunak ez dira irailaren 15era arte ezagutuko, eta planak hilabete horren amaierara arte bakarrik hartzen ditu.
Elektrizitateari eta gasari dagokienez, % 21eko BEZ orokorrarekin jarraituko dute; izan ere, prezioak ez dira uztailean % 15eko muga baino altuagoak izan % 10eko BEZ murriztua aplikatzeko.