Greba eguna dute gaur ekitaldi eta ikuskizunetako teknikariek Bizkaian, lan-hitzarmen duina eskatzeko
Mobilizazio nagusia Arriaga plazan izango da; izan ere, elkarretaratzea egingo dute bertan, 17:00etan. Egunean zehar, Bilboko hainbat gunetan piketeak izango dira. "Hitzarmen duina" lortzeko egingo dute lanuztea, "prekarietatearekin amaitzeko".
Kontzertu bat Bilboko Europa parkean. Artxiboko argazkia: Europa Press
Ekitaldien eta ikuskizunen sektoreko langileek greba eguna dute gaur, abuztuak 26, Bizkaian, Bilboko Aste Nagusiaren baitan. Hain zuzen ere, aurretik Araban eta Gipuzkoan egindako beste greba egunen ondoren dator honakoa, abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburuetan abiatutako mobilizazio-egutegiari jarraiki.
Mobilizazio nagusia Arriaga plazan izango da; izan ere, elkarretaratzea egingo dute bertan, 17:00etan. Egunean zehar, Bilboko hainbat gunetan piketeak ibiliko dira. Hala, eguerdian Pergolan izango dira, eta 23:30ean puntu horretara itzuliko dira. Areatzako kioskoan ere izango dira, 14:00etan. Euskaldunan ere piketeak aurreikusi dira, baita Abandoibarran eta Evaristo Txurruka kaian ere, azken biak 23:30ean.
Teknikariok elkarteak deitu du mobilizazioa, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT sindikatuekin batera. Sektorerako hitzarmen kolektibo bat onartzea eskatzen dute, "lan-baldintza duinak" bermatuko dituena. Deitzaileen arabera, negoziazioak "bi urte baino gehiago daramatza blokeatuta".
Ikuskizun ugari, bertan behera
Bertan behera utzitako ekitaldi eta jardueren artean, hainbat espaziotan programatutako musika emanaldi, ikuskizun eta kultur proposamen andana daude. Deitzaileek ohartarazi dute, hala ere, litekeena dela egunak aurrera egin ahala beste ekitaldi batzuk ere bertan behera geratzea. Grebak eragina izan zuen aurretik ere Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan (abuztuaren 5ean) eta Donostiako Aste Nagusian (abuztuaren 14an); bi kasuetan, hainbat emanaldi bertan behera geratu ziren.
Testuinguru horretan, Bilboko Konpartsek elkartasuna adierazi diete langileei, eta gaurko aurreikusitako musika-programazioa bertan behera uztea erabaki dute, hasiera batean arratsaldean eta goizaldean programatutako hainbat proposamenekin. Antolakuntzak azaldu duenez, teknikariekiko elkartasunagatik hartu dute programazioa bertan behera uzteko erabakia.
"Hitzarmen duina" eskatzen dute
Sindikatuek negoziazioa blokeatuta mantentzea leporatu diote EUKI patronalari, eta erakunde publikoek, ikuskizun ugari kontratatu edo diruz laguntzen dutenez, "lan-baldintza egokiak" bermatu behar dituztela aldarrikatzen dute, "lana eta bizitza pertsonala uztartzeko eskubidea" bermatzeko.
Aldarrikapen nagusia "prekarietatearekin amaitzea" da, baita langileen arabera, lana eta bizitza pertsonala uztartzea nabarmen zailtzen duen etengabeko lan-prestutasunarekin amaitzea ere. Kolektiboak eskatu du lan-egutegiak eta ordutegiak behar besteko aurrerapenarekin jakinaraztea, lanaldien arteko atsedenaldiak errespetatzea, gaueko lanagatik, aparteko orduengatik eta jaiegunetako lanagatik konpentsazioak ezartzea, eta gehiegizko lanaldi luzeak amaitzea, besteak beste.
Langileek salatu dute "enpresek 24/7 prest" egon behar den langile-taldea nahi dutela, eta honela laburbildu dute beren aldarrikapena: "Gure bizitza antolatu nahi dugu, ez malgutasunaren esklabo izan". Sindikatuek, gainera, ohartarazi dute egoera horietako batzuek oinarrizko lan-eskubideak urratu egiten dituztela.