Arrigorriagako osasun-zentro berria 2030ean irekitzea aurreikusten du Osakidetzak
Gauzak ondo bidean, lanak 2028ko lehen hiruhilekoan hasiko dira, egungo zentrotik gertu dagoen lursail batean. Asmoa da espazio-gabeziak konpontzea eta zerbitzu berriak eskaintzea. Laguntza gaitasuna handituko du familia medikuntza, ama-haurren zaintza eta fisioterapia arloak biltzen dituzten instalazio modernoekin.
Arrigorriagako osasun zentro berria eraikitzeko lanak 2028ko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusten du Osakidetzak, eta 2030ean martxan jartzea. Proiektu berriak Urgoiti pasealekuko egungo eraikina ordezkatuko du; horri esker, espazio arazoak konpontzeaz gain, instalazio guztiak etorkizuneko medikuntzaren beharretara egokituko dira.
Osakidetzak ohar baten bidez adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 6,3 milioi euro inbertituko ditu proiektuan, eta dagoeneko lizitazio eta kontratazio fasean dagoela nabarmendu du.
Zentro berria Urgoiti pasealekuan bertan dagoen lursail batean eraikiko da, zehazki Teodosia Ortega parkearen hegoaldeko izkina batean, gaur egungo osasun zentrotik oso gertu. Lursailak 1.564 metro koadroko azalera du eta, Osakidetzaren arabera, zentroak asistentzia-ahalmena areagotuko du, diseinu modernoari, goi-teknologiari eta zerbitzu erabat berriei esker.
Azpiegitura berriak honako eremu eta zerbitzu hauek integratuko ditu:
Familia-medikuntzako eremuan, 6 mediku-kontsulta, erizaintzako 6, BAME egoiliarrentzako 4 kontsulta, erizaintza komunitarioko kontsulta bat, EPA (Erizaintza Praktika Aurreratua) kontsulta bat, odola ateratzeko 2 gela, larrialdi-gela bat, proba funtzionaletarako gela bat eta gimnasioa egongo dira.
Horrez gain, ama-haurren eremua ere izango du; bertan, pediatriako 2 kontsulta, erizain eta emaginentzako bina kontsulta egongo dira. Azkenik, fisioterapia-eremu bat ere egongo da, kontsulta batekin.