LEHEN SEKTOREA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abeltzainak haserre, Bazka Mahaia irailera atzeratu duelako Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak bazkaren beharrei buruz egindako inkestan 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta horiekin hartuko ditu erosketa bateratuaren kopuruari eta hornitzaileei buruzko erabakiak. UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoak eskatu dituzte. Hala ere, guztiak ados daude, etorkizunera begira bazkari buruzko plangintza bat behar dela esatean.

Argazkia: Carlos Mediavilla

Abeltzaintza sektoreko sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Bazka Mahaia iraileko lehen asterako deituko duela iragarri ondoren. Erabaki hau "arduragabea" dela iritzi dio UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoa eskatu du.

Irailean egingo den batzar horretan bazkari buruz ustiategietan egin duen inkestaren datuak azalduko ditu Amaia Barredok zuzentzen duen sailak. EAEko 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta erosketa eta banaketarako behar den erabilgarritasuna eta logistika zehazteko datu horietan oinarrituko dira sailburuak jakinarazi duenez.

❝

Amaia Barredo: "Hurrengo pausoa informazio hau negoziazio gaitasun bihurtzea da eta sektoreak behar duen hornidura lortzea"

Sindikatuek, ordea, erabakiak azken orduan edo berandu hartzea kritikatu dute. UAGAko Iker Agirreren aburuz, "errespetu eta ardura falta" da "aste honetarako aurreikusita zegoen" bilera irailera atzeratzea.

Iragarkia
18:00 - 20:00

ENHE sindikatuko Unzalu Salterainek lan egiteko beste molde bat eskatu du. Bazka Mahaia osatzen duten eragileei inkestaren inguruko informazioa berehala izatea eskatu du, bileraren aurretik aztertu ahal izateko.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Jasotako datuen araberako erosketa

Lursail Kudeaketa Zentroaren bidez egin du galdeketa hori Eusko Jaurlaritzak. 177 erantzun jaso ditu Gipuzkoan, 160 Bizkaian eta 86 Araban. Ekoizpenari dagokionez, parte hartu duten ustiategien % 43 haragitarako behiena izan da, % 18 abeltzaintza mistoarena, % 14 esnetarako behiena, % 13 ardi eta ahuntzena eta % 12 zaldiena.

Ustiategiek ohiz kanpo behar dituzten bazkak eta bestelako lehengaiak zehaztu dituzte, baita hornidura-formatua ere: ontziratu gabea, fardo handia, fardo txikia edo takoa.

Informazio horri esker, etorkizuneko erosketa ustiategien benetako beharretara eta horiek biltegiratzeko eta maneiatzeko gaitasunera egokitu ahal izango da. Saila bildutako kopuruak aztertzen eta kontrastatzen ari da kontratatuko den guztizko bolumena zehaztu aurretik.

Ondoren, informazioa Bazka Mahaia osatzen duten eragileekin partekatuko da, hornidura-beharrak ezartzeko eta negoziazioari batera ekiteko.

Amaia Barredo sailburuak adierazi duenez, sektorearen parte-hartzeak ustiategien ezohiko beharren irudi zehatzagoa izateko aukera ematen du. 

Tokiko ekoizpenari lehentasuna

Hemendik aurrera, Sailak produktuaren, formatuaren eta lurraldearen arabera baliozkotu eta taldekatuko ditu erantzunak. Aldi berean, operadoreekin, kooperatibekin eta fabrikatzaileekin harremanetan jarriko da, horniduraren erabilgarritasuna, epeak eta baldintzak ezagutzeko.

Lehentasuna tokiko ekoizpena izango da kanpoko erosketaren aurretik, bazka-mahaiak ezarritakoaren arabera.

Iraileko lehen astean, Mahaiak lan horren emaitza ezagutuko du, eta produktuak erosi eta banatzeko behar den erabilgarritasunaren eta logistikaren esparruari helduko dio.

Plangintza bat egiturazko egoera baterako

Eztabaidak eta iritzi ezberdinak gora behera, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza ados daude bazkaren inguruko plangintza bat egin behar dela esatean. Klima aldaketaren ondorioz, lehorteak ohikoak eta luzeagoak izango dira eta nekazari eta abeltzainek egokitzeko beharra izango dute aurre egin ahal izateko. 

Euskal Herrian bazka ekoizteko aukerak badaudela uste dute bai ENHEk, bai UAGAk, bai Jaurlaritzak, eta horretarako nekazari eta abeltzainen arteko harremana beharrezkoa ikusten dute, baita erakundeen lankidetza ere.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X