Tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean, Iranek eta AEBk elkarri eraso egin baitiote
AEBk Larek uhartea bonbardatu izanari erantzuteko, Washingtonek Jordanian eta Arabiar Emirerri Batuetan dituen instalazio militarren aurka jo du Teheranek. Gainera, "super petrolio-ontzi" batek su hartu du Ormuzen, bi mina lehertuta.
Egoera gogortu egin da astelehen honetan Ekialde Hurbilean, AEBk Jordanian eta Arabiar Emirerri Batuetan dituen base militarren aurka Iranek erasoak egin baititu. Ordu batzuk lehenago AEBk Ormuzko itsasartean dagoen Larek uhartearen aurka egindako bonbardaketen erantzuna izan da Iranek egindakoa.
Herrialde persiarreko Guardia Iraultzaileak azaldu duenez, Indar Aeroespazialak misil balistikoak jaurti ditu Husein Erregea eta Al Azraq AEBren aire-baseen aurka, biak Jordanian. Tasnim agentziak zabaldutako komunikatuaren arabera, erasoen jomugan azpiegitura teknikoak, mantenimendukoak eta gerra-hegazkinak aireratzeko eremuak zeuden.
Ondoren, Irango Armadak bigarren eraso baten berri eman du, droneen bidez egindakoa, Al Minhad basearen aurka, Dubai hegoaldean. Teheranek dio gidaririk gabeko dozenaka aireontzi erabili dituela instalazio horretan zeuden helikoptero eta tropa estatubatuarren aurka.
Jordaniak, bestalde, ziurtatu du bere aireko defentsa sistemek zortzi misil atzeman eta jaurtigaiak suntsitu zituztela inora iritsi aurretik.
"Super petrolio-ontzi" bat kiskali da Ormuzen
Guardia Iraultzailearen Armadak adierazi duenez, "super petrolio-ontzi" batek su hartu du Ormuzen, eta geldirik geratu da, bi itsas minaren kontra talka egin baitu, itsasartearen hegoaldeko ibilbidea zeharkatzen saiatzen ari zela.
Iranek ontzi-konpainiei ohartarazi die bere Armadak ezarritako nabigazio-arauak errespetatu egin beharko dituztela, halakorik gertatzea nahi ez badute.
Pezexkianek dio ez duela gerrarik nahi
Masud Pezexkian Irango presidentea giroa baretzen saiatu da, bere herrialdeak gerrarik ez duela nahi adierazita, baina edozein erasoren aurrean Teheranek "irmo" erantzungo duela ohartarazi du.