Maduroren argazki berriak argitaratu dituzte espetxetik: "Irmo gaudela jakin dezazuela nahi dut"
Argazkiek 2026ko ekainaren 25eko data dute baina bi hilabete beranduago kaleratu dira, AEBk eta Venezuelak petrolio erreserben % 20ri buruzko akordioa iragarri duten asteburu berean.
Nicolas Madurok X sare sozialean duen kontu ofizialak Venezuelako buruzagiaren irudi berriak argitaratu ditu AEBko espetxean ateratakoak.
Itxura onarekin eta irribarrea aurpegian duela, "maitasunezko eta itxaropenezko opari txiki" gisa definitu du argazkiak argitaratzea, bere familiarentzat bereziki. "Argazki hauek opari txiki bat bezala bidaltzen dizkiet nire biloba guztiei, haurrei, eta maite gaituzten guztiei", dio mezuan.
Maduro urtarrilean atxilotu zuten, emaztearekin batera, Caracasen, operazio militar baten ondoren. Venezuelatik atera eta New Yorkeko kartzela batera eraman zuten. Handik gutxira, narkoterrorismoagatik, kokaina inportatzeko konspirazioagatik eta gerrako armak edukitzeagatik inputatu zutela jakitera eman zuten.
Gaur publiko egindako mezuan, Madurok dio: "Jakin ezazue irmo gaudela, bihotza zuen maitasunaz beterik dugula eta zuen otoitz, ekintza guztiak, elkartasun eta benetako laguntza iristen zaizkigula. Eskerrik asko hitz bakoitzagatik, keinu bakoitzagatik, bedeinkazio bakoitzagatik. Gozatu opari txiki hau pozez eta itxaropenez ".
2026ko ekainaren 25eko data duten bi argazki bidali ditu testuarekin batera. Hedabide batzuen arabera, argazkiak Aitaren Eguna zela eta atera zituzten.
"Zilia eta biok estu besarkatzen zaituztegu, arima zuengan jarrita eta Jainkoarenganako fedeari heldurik. Pablo apostoluak dioen bezala: 'Baina honetan guztian garaipen handia lortzen dugu, maite gintuen hari esker' (Rom 8,37). Indartsu, lasai eta konfidantzaz jarraituko dugu: Jainkoa gurekin dago. Jainkoak emango digu behar duguna. Venezuela berpiztuko da. Bedeinkazioak.", amaitu du mezua.
Kasualitatez, asteburu honetan, Trumpek Venezuelarekin akordio bat iragarri du petrolio erreserbak "bikoizteko", eta Delcy Rodriguezek akordio horren inguruko azalpenak eman berri ditu.