Aske utzi dituzte desordena publikoak egotzita Bilbon atxilotutako 14 lagunak
Behin izapideak amaituta, atxilotu guztiak aske utzi dituzte epailearen aurrean agertzeko aginduarekin. Hainbat ertzain artatu dituzte kolpe eta lesioengatik, eta Ertzaintzaren auto batean kalteak eragin dituzte. Segurtasun Sailak eta Ertzaintzako sindikatuek gogor gaitzetsi dituzte gertakariak.
Ertzaintzak 14 pertsona atxilotu ditu igande goizaldean Aste Nagusiko azken gauean, tartean bost adin txikiko, Bilboko Abando auzoko bi puntutan izandako istiluetan desordena publikoak eragitea egotzita. Arratsaldean guztiak aske utzi dituzte, baina epailearen aurrean agertzeko aginduarekin. Polizia-operazio horren ostean, zenbait agente artatu dituzte.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, lehen liskarra 05:20an izan da. Abando auzoan hainbat pertsona borrokan ari zirela ohartarazi du telefonoz herritar batek, eta agenteak bertaratu direnean, botilak jaurtiz jaso dituzte.
Bertan 200 bat pertsona aritu dira objektuak jaurtitzen, Ertzaintzaren arabera, eta agenteek istiluen aurkako materiala erabili dute.
Hamabi pertsona atxilotu dituzte desordena publikoak eragitea egotzita, eta ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko izapideak egiteko.
Atxilotu guztiak gizonezkoak dira: bost 15 eta 17 urte bitartekoak dira, eta gainerakoak, 18 eta 34 urte artekoak.
Operazio horren ostean, Ertzaintzako zenbait agente osasun zentrora joan dira kolpeak eta ebakiak sendatzera.
Bigarren istilua goizeko seiak aldera izan da, Bilboko Udaltzaingoak auzo bereko beste puntu batean laguntza eskatu duenean.
Ertzaintzaren patruilak bertaratu dira, eta bi pertsona atxilotu dituzte, indarra erabiliz. 17 urteko mutil bati espedientea ireki diote Herritarren Segurtasunerako Legean oinarrituta. Halaber, 19 urteko bi mutil atxilotu dituzte, desordena publikoak eragitea egotzita.
Atxilotuak ertzain etxera eraman dituzte beharrezko izapideak egiteko eta horiek amaitutakoan 14 lagunak aske gelditu dira igande arratsaldean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Segurtasun Sailaren gaitzespena
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak “elkartasuna, babesa eta beraien lanaren aitortza” agertu dizkie agenteei, “gaitzetsi eta errefusatu” egin ditu gertakariak, eta erantsi duenez, “jaia eta substantzien eta alkoholaren kontsumoa ez dira inoiz erabili behar indarkeriazko jokabideak justifikatzeko”.
Azkenik, “euskal gizarteari eta familiei (atxilotutako 5 pertsona adingabeak dira)” dei egin die “segurtasuna eta bizikidetza arriskuan jartzen dituzten portaerak baztertzeko, eta herritar guztien segurtasuna bermatzearen alde lan egiten dutenen aurkako errespetu falta eta indarkeria ez normalizatzeko”.
Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ere babesa agertu die segurtasun indarrei.
Sindikatuen gaitzespena
Euspel Ertzaintzaren sindikatu nagusiak "erabat" gaitzetsi ditu erasoak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren "erantzun juridiko irmoa" eskatu du. Horren esanetan, "ezin da onartu ingurune jakin batzuetan normala izatea agenteen aurkako iraina, jazarpena eta erasoa, gauaren edo jaiaren beste alderdi bat balitz bezala".
Bestalde, Esan sindikatuak "zero tolerantzia" eskatu du "gure poliziei eraso egiten dietenen aurrean, eta benetako ondorioak arduradunentzat". "Ertzain bati edo udaltzain bati eraso egitea ezin da doakoa izan. Nahikoa da. Premiazko lege aldaketak behar ditugu", aldarrikatu du.
ErNEren ustez, "ezinbestekoa da bi esparrutan jardutea: hezkuntzan eta legedian. Txikitatik errespetua, bizikidetza eta erantzukizuna sustatuko dituzten hezkuntza-neurriak behar ditugu. Eta neurriak hartu lege arloan poliziei erasotzen dietenen aurrean".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera