Sheinek estreinako makala egin du Hong Kongeko burtsan, eta % 4ko galerekin dabil
Txinako ehungintza erraldoiak zulo handiekin hasi du burtsako ibilbidea, eta % 10eko galerak ere izan ditu uneren batean. Bien bitartean, gaur, asteartea, abiatuko du Frantziak negozio eredu horren aurkako eraso fiskala, produktu bakoitzaren gaineko 12 eurorainoko kargak martxan jarriz.
Sheinek, moda azkarraren munduko erreferente nagusietako batek, astearte honetan hasi du bere ibilbidea Hong Kongeko burtsan, eta lehen orduetan % 4ko galerak izan ditu. Asiako merkatuko estreinaldia urteetako tentsio geopolitikoen eta estrategia aldaketen ondoren iritsi da. Ondorioz, konpainiaren gaineko balorazioa % 73 apaldu da, 2022ko datuekin alderatuta; orduan goia jo zuen konpainiak.
Gaurkoa, ordea, egun historikoa da enpresarako, bere historian lehen aldiz munduko edozein inbertitzailek erosi eta saldu ahal izan baititu Sheinen akzioak, modu ofizialean eta baimendutako merkatuan.
Burtsa, urduri, eta balorazioa, amildegitik behera
Akzioak Hong Kongeko dirutan 48,56 dolarrean (5,35 euro) zeudela hasi da eguna, konpainiak baimendutako 280 milioi tituluak saltzeko ezarritako prezioan, hain zuzen. Kotizazio ofizialari dagokionez, ordea, ezegonkortasun handiko jardunaldia izan da. Saioa hasi bezain pronto, tituluek % 10 egin dute behera lehen minutuetan, inbertitzaileak urduri baitzeuden. Orduak igaro ahala, pixkanaka, egoera zertxobait hobetzen hasi da, eta beherakada % 4ra heldu eta egonkortu da erdialdeko atsedenaldira iristerako.
Estreinako honen ostean, Sheinek 1.735 milioi dolar inguru bildu ditu, eta bere egungo balorazioa 26.305 milioi dolarrekoa da. Zifra ona bada ere, urrun dago konpainiak 2022an erregistratu zituen 98.200 milioietatik.
Finantza-babesleen presioek, batetik, eta inbertsioen trukea saihesteak, bestetik, eragin dute Sheinek burtsara jauzi egitea. Gainera, konpainiak marjinen eta salmenten beherakadari aurre egin behar dio AEBn eta Europan, pakete txikien gaineko aduana-salbuespenak bertan behera utzi baitituzte.
Frantziako zerga berria
Astearte honetatik aurrera, zigor-sistema bat aplikatzen hasiko zaie Frantzian Shein eta Temu enpresen tankerakoei: 0,5 eurotik 12 eurorainoko zergak ordaindu beharko dituzte produktu bakoitzeko, ehungintza-industria jasangarria izan dadin lortzeko.
Edonola ere, Sheinek moda azkarraren sektoreko izen nagusietako bat izaten jarraitzen du. Hirugarren postuan dago, % 1,9ko merkatu-kuotarekin, Nike eta Inditex erraldoien atzetik.