Epaimahai batek errudun jo du Duane "Keffe D" Davis, Tupac Shakur raperoaren hilketagatik
Duane "Keffe D" Davis errudun jo du epaimahai batek, lehen graduko hilketa leporatuta, Las Vegasen (Nevada), 1996an Tupac Shakur rap abeslari ikonikoa hil zuen tiroketa antolatzeagatik.
Nevadako (AEB) herri-epaimahai batek errudun jo du Duane "Keffe D" Davis, 63 urtekoa, Tupac Shakurren hilketagatik. Hip-hoparen historiako krimen ezagunenetako bat da. Davis 2023an atxilotu zuten, eta raperoaren heriotzagatik akusatu eta epaitu duten pertsona bakarra da.
Akusatua zaintzapean eta fidantza-eskubiderik gabe egongo da urriaren 13ra arte, Nevadako epaile batek epaia eman arte, alegia. Biziarteko gehieneko kartzela-zigorra ezarri diote.
Zer gertatu zen Tupac Shakurrekin?
Tupac Shakur 1996ko irailaren 13an hil zuten, 25 urte zituela, Las Vegasen, ibilgailu batean zihoala hainbat tiro jaso zituelako. Erasoa rap kantariaren eta Orlando Andersonen (Davisen iloba) arteko liskar baten ondoren gertatu zen, MGM Grand hotelean.
Epaiketan, Binu Palal fiskalak esan zuen Davisek antolatu zuela erasoa, Andersonekin eta bere taldeko beste kide batzuekin batera, borroka haren errepresalia gisa.
Eztabaidak astelehen honetan hasi ziren, bederatzi eguneko epaiketa eta 30 bat lekukoren testigantza entzun ondoren. Shakurren familiak hunkituta erantzun zuen epaia jakin zuenean, eta Davisek ez zuen zirkinik egin.
Kondenarako frogak
Fiskaltzak oinarri hartu ditu Duane Davisen adierazpenak eta memoriak, Compton Street Legend izenburupean argitaratutakoak, erasoa nola antolatu zen azaltzeko.
Defentsa, Michael Sanft abokatua buru zuela, akusatuaren kontakizuna gutxiesten saiatu zen, adierazpenak asmatutako gertaerak direla argudiatuz.
Nor zen Tupac Shakur?
Tupac Shakur rap musikaren historian eragin handiena izan duen artistetako bat da. Bere abestietan, AEBko afroamerikar komunitateen gizarte-gaiak eta arazoak jorratu zituen.
Raperoak 1991n hasi zuen bere ibilbidea musikaren munduan, eta nazioarteko arrakasta itzela lortu zuen, besteak beste, Changes, Old School eta So Many Tears abesti ezagunekin.
Davisen aurkako epaiak ia hiru hamarkadako ziurgabetasun judizialari amaiera eman dio; izan ere, Davis da rapero ospetsuaren hilketagatik epaiketara eraman duten akusatu bakarra.