Beatriz Artolazabalek Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du EAJren talde parlamentarioan senatari eta bozeramaile gisa
2020az geroztik da Beltran de Heredia EAJren bozeramailea Senatuan. Izendapenaren ondorioz, Artolazabal ez da berriro Gasteizko alkategai izango 2027ko udal-hauteskundeetan.
Egungo Gasteizko lehen alkateorde eta EAJren zinegotzi den Beatriz Artolazabalek Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du Senatuan, jeltzaleen talde parlamentarioko senatari eta bozeramaile gisa, EITBk jakin duenez.
Goi Ganberako izendapen horren ondorioz, Beatriz Artolazabal ez da berriro izango Gasteizko alkategai 2027ko udal-hauteskundeetan.
Artolazabalen erreakzioa
Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, erronkari helduko dio "alderdiarekin hausnartutako, hitz egindako eta partekatutako erabakia izateak ematen duen lasaitasunarekin", eta "dakarren ilusioarekin zein erantzukizunarekin".
"Politika zerbitzu publikorako modu gisa ulertu izan dut beti; Euskadiko, Arabako eta Gasteizko gizarteari zerbitzatzeko pribilegioa izan dut Gasteizko Udaletik, Arabako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik", adierazi du.
Zentzu horretan, azaldu du EAJrentzat "funtsezkoa" dela (Senatuan) "ahots propio eta sendoa izatea autogobernua, gure eskumenak eta, batez ere, euskal herritarren interesak defendatzeko".
Beltran de Herediaren biografia
Formakuntzaz eta bokazioz, ingeniari teknikoa da Estefania Beltran de Heredia. 2020tik EAJren senatari bozeramailea da. Goi Ganberara iritsi aurretik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua izan zen zortzi urtez.
Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkide izan zen 1998 eta 2001 artean, eta 2005 eta 2007 artean, Berdintasun eta Nekazaritza arloetan talde jeltzalearen bozeramaile. Gainera, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatua ere izan da.
Artolazabalen biografia
Beatriz Artolazabalek 2000. urtean ekin zion bere ibilbide politikoari, Gasteizko Udalean zinegotzi gisa. 2023an Gasteizko Alkatetzarako EAJren hautagai izan zen, eta urte bereko ekainaz geroztik lehen alkateorde kargua hartu zuen.
Gainera, Artolazabal Osakidetzako ekonomia eta finantza zuzendaria, Gizarte Zerbitzuetako diputatua, eta 2016 eta 2023 artean Iñigo Urkulluren Gobernuko sailburua izan da.
Zure interesekoa izan daiteke
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera