Pradalesen ustez, Sanchezen gobernua "nokeatuta" dago, eta Ceutako krisiari erantzuna eman ezean legealdia amaitu beharko luke
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketatu dute ostiral honetan Imanol Pradales lehendakaria. Aktualitate politikoa izan dute bertan hizpide, baita Ceutako krisia ere. Horren inguruan galdetuta lehendakariak adierazi duenez, "Sanchezen gobernua nokeatuta dago, eta krisia bideratu ezean legealdia amaitutzat eman beharko luke".
Ostegun honetan Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteak Ceutako krisiaren inguruan Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian “Sanchezen bakardadea” agerian geratu dela gaineratu du Pradalesek. “Oso adierazgarria da hori”, esan du.
Era berean, krisi honetan Sanchezek izan duen “lidergo faltak eta aurre hartzeko izan duen gaitasun faltak” atentzioa eman diotela esan du lehendakariak. “Ezagutu duguna beste krisi batzuetan azkartasuna izan duena izan da, beste egoera batzuetan lidergoa hartu duena, baina honetan ez”, nabarmendu du.
Oposizioak “gatazka bakarrik bilatu du eta bilatu nahi du”, Pradalesek salatu duenez, eta Europak krisian izan duen jarrera “kezkagarria” izan dela erantsi du.
Migrazioari erantzun egokia
Migrazioaren fenomenoa “gero eta handiagoa” izango dela esan du lehendakariak, eta “erantzun hobea eman ahal izateko ahalmen eta tresna politiko gehiago” eskatu ditu.
“Dimentsio anitzeko fenomenoa da. Gaur egun 330.000 pertsona migratzaile bizi dira Euskadin, eta gure arteko elkarbizitza ona da, orokorrean, baina fenomenoa hazi egingo da eta bitartekoak behar ditugu, ez bakarrik ekonomikoak, baita politikoak ere, tresna eta zerbitzu berriak antolatzeko”, adierazi du.
Azkenik, zenbait mugimenduk eta alderdik, eskuin muturrak batez ere, migrazioa eta segurtasun falta uztartzeko duten interesa salatu du Pradalesek. “Nik ez dut onartuko, eta gure herrian ez da onartzen”, azpimarratu du.
Bilera erronda
Alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak. Egoera ekonomikoa eta etorkizuneko ikuspegiak, euskal autogobernua indartzea eta zabaltzea, eta Gobernuaren legealdiaren bigarren zatirako ekimen nagusiak aztertzea izango da bilera horien helburua.
Estatus berriaren inguruan EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren arteko negoziazioak aurrera doazela esan du lehendakariak, eta "erraza izan ez arren, pazientzia eta diskrezioa" eskatu ditu, lanean jarraitu ahal izateko.
Lehendakariak aste honetan Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak egindako proposamena ere izan du hizpide, estatus berri bat adosteko baldintzetako bat erabakitzeko eskubide "mailakatua" izatea adierazi baitu.
"Ezker abertzalearen narratiban berrikuntza terminologikoak entzutera ohituta gaude", esan du Pradalesek, eta "erabakitzeko eskubidearen gaia serio hartzeko" eskatu du.
Bestalde, alderdiak gai horretan ados jartzen ez badira ekimena bere gain hartzeko aukeraz galdetuta, Pradalesek esan du informatuta dagoela eta badakiela zer gertatzen den negoziazioetan. "Hipotesi hori emango balitz, nik ere erabakia hartuko nuke, baina oraindik ez gaude egoera horretan", adierazi du.
Aste honetan Azpeitian eta Barakaldon izan diren krimenak hizpide hartuta lehendakariak esan duenez, kasu horien atzean "ez dago krimen antolatua". Horren arabera, Barakaldoko hilketa "kontu sentimentala" izan zen eta Azpeitiko kasuan hipotesi ugari ikertzen ari dira.