Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Barakaldon tiroketa gertatu zen lekua. Argazkia: EITB
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaileak iragan ostegunean Barakaldon 48 urteko gizon bat tirokatuta hil zuen gizona behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.
Atxilotuak epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu dio, eta homizidio delitua egotzi diote. Auziak Barakaldoko epaitegi batean jarraituko du instrukzioa.
Ostegun arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera izan zen tiroketa, Barakaldoko Lasesarre futbol zelaiaren inguruan. Biktima hainbat aldiz tirokatu zuten eskopeta batekin, eta ordu batzuk beranduago hil zen, ospitalean. Erasoaren egileak, berriz, ibilgailu batean ihes egin zuen.
Inguruetan zeuden guardia zibil batzuk berehala bertaratu ziren, baita osasun langileak ere, eta bertan artatu zuten; biktimak suzko armaz egindako zauriak zituen sabelean. Ospitalera eraman zuten, eta gaueko hamaikak aldera hil zen.
Patruila batek Amurrion (Araba) aurkitu zuen ustezko erasotzailea, eta atxilotu egin zuen. Ibilgailuaren barruan egindako miaketa batean, erasoan erabilitako arma aurkitu zuten agenteek. Atxilotua, 48 urteko gizonezkoa, ertzain-etxera eraman zuten, epaile aurrera eraman aurretik egin beharreko izapideak betetzera.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, baina, lehen hipotesien arabera, baliteke "arrazoi sentimentalak" izatea gertatutakoaren atzetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Martxoaren 3ko biktimen erreparaziorako bidea ireki du Arabako Fiskaltzak
Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea