Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Topoa. Argazkia: EFE
Topoaren Donostiako erdiguneko lurpeko pasanteak beste urrats bat emango du datorren astean, urte amaierarako prest egoteko bidean, trenen galibo eta dinamika probak egiten hasiko baitira, hau da, trenak lehenengoz ibiliko dira ibilbidean.
"Trenak tuneletan sartuko ditugu lehenengo aldiz, lerro zuzenean, bihurgunean, hutsik, pisuarekin... Guztia ondo dagoela eta funtzionatzen duela egiaztatzeko, ondoren gidariek beharrezko probak egiteko eta trebakuntza jasotzeko", zehaztu du Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak.
Eusko Jaurlaritzako arduradunak ostiral honetan zabaldutako ohar batean iragarri duenez, ekainean amaitu zen trenbideko obra zibila, eta une honetan Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa arkitekturaren, instalazioen eta katenariaren azken ukituak egiten ari da.
"Gabonak baino lehen erabili ahal izango dugu azken urteotan Gipuzkoan eraikitako azpiegitura garrantzitsuena", esan du Garcia Chuecak, Donostiako eta eskualdeko mugikortasunean "iraultza" ekarriko duela sinetsita.