Nora Abetek (PSE-EE) Bilboko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du
Bilboko Udaleko egungo alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Nora Abete bilbotarrak primarioetarako hautagaitza aurkeztu du ostiral honetan, 2027ko maiatzerako aurreikusita dauden udal hauteskundeetan PSE-EEren zerrendaburu izateko Bizkaiko hiriburuan.
Abetek adierazi du "Bilborako proiektu berri baten buru izan" nahi duela, "asmo handikoa eta pertsonetan oinarritua", eta hiriak eraldatzeko gaitasunari eutsi behar diola esan du, baina "fokua pertsonengan eta auzoetan jarriz".
Hautagai horren ustez, datozen urteetan hainbat erronka izango dituzte, etxebizitzarako sarbidea erraztea, auzoak eraldatu eta hobetzea, mugikortasuna, jasangarritasuna, enplegua eta aukerak bultzatzea eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzea, besteak beste.
"Pertsona gazte batek bere etorkizuna irudikatu ahal izango duen Bilbo bat nahi dut, familia batek etxebizitza bat eskuratu ahal izango duen Bilbo bat, non gure adinekoak lasaitasunez bizi ahal izango diren eta auzo guztiek aukera berdinak izango dituzten", adierazi du.
Abeteren hitzetan, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Bozeramaile sozialistak, halaber, azken urteetan PSE-EEk Bilboren eraldaketan izan duen papera aldarrikatu du eta proiektu sozialistari bultzada berri bat ematearen aldeko apustua egin du.