Josu Zabala Erasun gogoratu dute Hondarribian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Josu Zabala Erasun 1976an hil zen Guardia Zibilaren tiroen ondorioz, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurka egindako manifestazio batean.
Josu Zabala Erasun gaztea gogoratu dute gaur Hondarribian, Egiari Zor fundazioak eta Hondarribiko Udalak antolatutako omenaldi batean. 1976an hil zuten Zabala, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurkako manifestazio batean Guardia Zibilaren tiroen ondorioz.
Ekitaldian irakurritako komunikatuan gogorarazi dutenez, "duela hilabete eskas", Memoria Demokratikoaren Legearen baitan, Espainiako Gobernuak Zabalari "errekonozimendu eta ordain pertsonala" onartu zizkion.
Horien hitzetan, "Estatuak gaur egun aitortzeak beti egia sozial nabaria izan zena agerian uzten du orain arte Estatuko erakundeen axolagabekeria baino ez dutela jaso biktimek".
Nolanahi ere, "urrats hori modu positiboan" baloratu dute. "Zabala Erasun familiak mende erdi bat zeraman orain ireki den atea indarrez kolpatzen", eta "kasu honen eta beste batzuen bidez negazionismoaren, zigorgabetasunaren eta kontakizun bakarraren horman gero eta arrakala zabalagoa zabaltzea lortzen ari da", gaineratu dute.