Plus Ultrako presidente ohiak onartu du bere airelineak lortu zuen maileguaren % 1eko komisioa Zapateroren taldearentzat izan zela
Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, idatzian jasotakoa berretsi du airelinea horretako presidente ohi eta bazkide nagusi Martinez Solak. Idatzi horretan aipatzen zuen Zapateroren izen mailegatzaile Julio Martinez Martinezek eta Espainiako presidente ohiak "diru kopuru bat" jaso zutela airelinearentzako mailegu bat lortzeko prozesuan bitartekari lanak egiteagatik.
Plus Ultrako presidente ohi Julio Martinez Solak ikertu gisa deklaratu du gaur, astelehenarekin, epailearen aurrean, eta onartu du bere airelineak lortu zuen laguntza publikoaren % 1eko komisioa Zapateroren taldearentzat izan zela. Hain zuzen ere, mailegua lortzeko laguntzaren truke eman omen zioten % 1eko komisioa.
Hartara, Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, idatzian jasotakoa berretsi du airelinea horretako presidente ohi eta bazkide nagusi Martinez Solak. Idatzi horretan aipatzen zuen Zapateroren izen mailegatzaile Julio Martinez Martinezek eta Espainiako presidente ohiak "diru kopuru bat" jaso zutela airelinearentzako mailegu bat lortzeko prozesuan bitartekari lanak egiteagatik.
Iturri juridikoen arabera, enpresaburuak, baina, ez du zehaztu Zapateroren lana zein izan zen; bai, ordea, Julio Martinez Martinezek 53 milioi euroko laguntzaren %1 eskat ziola airelineari.
Bere garaian Martinez Martinezek egin zuen moduan, Plus Ultrako presidente ohiak ere idatzi bat aurkeztu zuen iragan uztailean, eta gaur idatzi horretan jasotakoa berretsi du bi ordu eta erdi iraun duen deklarazioan.
Zapateroren dei bat
Halaber, Martinez Solak berretsi du 2020ko apirilaren 30ean Espainiako Gobernuko presidente ohiak zenbaki ezkutu batetik deitu ziola, eta berak eman ziola PSOEko buruari airelinearen egoeraren berri.
Adierazpen horiekin Plus Ultra auziko ikerketari heldu dio atzera. Auzi horretan Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapatero ari dira ikertzen ustez Plus Ultraren eta beste hainbat enpresaren aldeko sare bat zuzentzeagatik.