Gaur hasiko dute ikasturtea Euskadin 280.386 ikaslek
Iaz baino 59.200 ikasle gutxiago izango dira 2026-2027 ikasturtean. Hain zuzen ere, 339.586 ikasle zeuden pasa den urtean.
Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2026-2027 ikasturteari emango dio hasiera gaur. Aurten, 280.386 ikasle izango dira aipatu mailatan, aurreko ikasturtean baino 59.200 gutxiago.
Ikastaroaren inaugurazio ekitaldia Amurrion (Araba) Mendiko Eskolan egingo dute. Bertan, Hezkuntza sailburua ez ezik, Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea egongo da. Biei harrera egingo diete Mendiko Eskolako zuzendari, irakasle eta ikasleek.
Esan bezala, iaz baino 59.200 gutxiago daude aurten matrikulatuta. Hain zuzen ere, 339.586 ikasle zeuden pasa den ikasturtean.
EITBri egindako adierazpenetan, Pedrosak adierazi du, 2026ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzen ostean, hezkuntza sistema "pixkanaka hobetzen" ari dela, baina ez dela "despistatu" behar. "Epe luzera begiratu behar da, eta garrantzitsuena sistematikoki lan egitea da", gaineratu du Pedrosak.
Bestalde, euskarari dagokionez, azpimarratu du inguruko egoera soziolinguistikoan eta familien hizkuntzan jarri behar dela arreta. "Oso garrantzitsua da ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu on bat diseinatzea, eta ikasturte honetan dugun berrikuntzetako bat da hori", adierazi du. Ildo horretan, adierazi du "gehien behar duten ikastetxeek" kanpoko laguntza jasoko dutela.