Epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du Azpeitiko ustezko hiltzaileak
Azpeitiko eta inguruko beste herri batzuetako hainbat tokitan miaketak egin dituzte egunotan. Ustezko hiltzaileak, 43 urteko gizon batek, bere burua entregatu zuen larunbat goizaldean Ondarroako ertzain-etxean, eta soinean zeraman su-arma labur bat konfiskatu zioten.
Ertzaintza, Azpeitian. Argazkia: EFE
Azpeitian asteartean izandako hilketaren ustezko egilea epailearen aurretik igarotzeko zain dago, Ertzaintzak larunbat honetan Ondarroan atxilotu ostean. 43 urteko gizona bere kabuz agertu da Bizkaiko udalerriko ertzain-etxean. Antza denez, beste gizon bat hil zuen, su-arma batekin hainbat tiro jota. Orain-ek jakin duenez, atxilotuak arma bat zeraman soinean, baina ez dute jakinarazi hilketan erabilitkoa ote den.
Asteartean, irailaren 1ean, 20:15 aldera, Azpeitiko Artzubia etorbidean, gizon batek beste bat tirokatu zuen, eta ibilgailu batean ihes egin zuen. Zaurien larritasunaren ondorioz, 31 urteko biktima bertan hil zen.
23:25 aldera, susmagarriak erabilitako ibilgailua Azpeitiko hiriguneko beste toki batean aurkitu zuten.
Azpeitiko eta inguruko beste herri batzuetako hainbat tokitan hainbat egunez bilaketa eta miaketa lanak egiten aritu ondoren, ustezko hiltzailea, 43 urteko gizon bat, larunbatean agertu da Ondarroako ertzain-etxean, 05:30ean. Bertan atxilotu dute, su-armaz egindako hilketa delitua egotzita.
Atxilotuak aurrekariak ditu osasun publikoaren aurkako delituengatik, eta egin beharreko izapideak amaitutakoan utziko dute epailearen esku.
Zuhurtzia eskatu dute
“Udalak zuhurtziaz jokatzeko eskatu nahi du, batez ere hildakoaren senideenganako eta inplikatutako pertsona guztienganako errespetuz”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak, atxiloketaren berri izan ostean.
“Espero dugu hemendik aurrera lasaitasuna eta normaltasuna itzultzea pixkanaka gure herrira”, gaineratu du.