20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
20 urteko mutil bat hil da larunbat arratsaldean Lekeition (Bizkaia), Antzar Egunaren ospakizunean segurtasun-hesi batetik erorita, Gurutze Gorriko osasun-iturriek jakitera eman dutenez.
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Anbulantzia bat eta bizi-euskarri aurreratuko bi unitate mugikor bertaratu dira portura, baita Ertzaintzako hainbat agente ere.
Osasun-langileek suspertze-lanak egin dizkiote bertan, baina ez dute hura bizkortzerik lortu. Antza denez, bihotz-biriketako geldialdia izan du.
Ekintza ofizialak, bertan behera
Ezbeharraren ondorioz, Antzar Batzordeak eta Udalak bozgorailuetatik jakinarazi dute bertan behera utzi dituztela larunbat honetarako aurreikusitako egitarau ofizialeko ekintza guztiak.
Testuinguru horretan, jaiaz gozatzeko Lekeitiora hurbildu diren herritarrei uneak eskatzen duen arduraz jokatzeko eskatu diete.
Era berean, doluminak helarazi dizkiete hildakoaren familiari, lagunei eta gertukoei, eta 10 minutuko isilunea deitu dute igande honetan, 19:00etan, udaletxe aurrean.
Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.