Auzitegi Nazionalak ikertuko du Ceutako migrazio krisia, baita Marokok izandako "jarrera mesedegarria" ere
Maria Tardon epaileak bere gain hartu du uztailaren 30eko eta 31ko gertakariak ikertzea. Autoan jaso duenez, Marokoko indar armatuek ez zuten migratzaileak geldiarazteko ahalegin berezirik egin; are, "gidari aktibo" lanetan aritzea leporatu die epaileak.
Ceutako El Trampolin hondartza, migratzailez lepo, krisiaren biharamunean. Argazkia: Europa Press
Maria Tardon Auzitegi Nazionaleko (AN) epaileak bere gain hartu du uztaila amaieran Ceutan izandako migrazio krisia ikertzeko ardura, eta Marokok prozesuan izan zuen jarrera "permisibo eta mesedegarria" aipatu du. Krisi hartan, 140 pertsona hil ziren—83, Espainiako uretan—.
Gertatutakoa ikertzeko eskumena bere egiteko autoan, Tardonek azaldu du "ustez atzerrian egindako delitu jokabide bat" izan zela, eta Espainiaren lurralde osotasunari "larriki eraso" ziola, baita Ceutako bizilagunen bizitza eta eskubideak urratu ere.
Epailearen ustez, "agerian geratu da Marokoko Erresumak prozesuaren aldeko kudeaketa argi eta zalantzarik gabea" zuela, eta Marokoko segurtasun indarren portaera "grafikoki egiaztatuta" geratu zela.
Espainiako Poliziaren Immigrazio eta Mugetako Zentro Nazionalak egindako txostena aipatu du Tardonek autoan. Horren arabera, uztaila amaierako gertakariak ez ziren bat-batekoak izan, eta Marokoko indarrek migratzaileak "gidatu" zituztela uste du.
“Agerian geratu zen uniformea zeramaten agenteek jarraibideak eman zizkietela muga legez kanpo gurutzatzen ari zirenei, oztopoak gainditu” eta Fnideq hondartzara (Castillejos, Maroko) heldu eta uretara bideratzeko.
Poliziaz jantzitakoez gain, migratzaileak “dinamizatzen eta gidatzen ari ziren pertsonak" egon zirela ere nabarmendu du epaileak, eta “zenbaitetan, horiek uniformedun agenteei jarraibideak” zizkietela erantsi.
Epaileak krisiaren hainbat fase ezberdindu ditu. Lehen fase batean, 15-25 urteko marokoarrak sartu ziren, neoprenoak eta hegatsak soinean. Bigarrenean, familiak eta umeak joan ziren, kirol jantzian eta inongo ekipamendu barik. Hirugarrenean, lehen faseko ezaugarriak zituzten pertsonak zeharkatu zuten muga.
Alertari emandako erantzuna ere ikertuko du
Krisiari emandako erantzuna ere ikertuko du epaileak, emandako informazioa eta bidalitako alertak, besteak beste.
Erantzukizun maila ezberdinak atzeman ditu Tardonek, baina oraingoz ez ditu erantzuleak izen-abizenez identifikatu. Lehen maila batean kokatu ditu muga gurutzatu zuten migratzaileak; bigarrenean, migratzaileak sare sozialetan xaxatu zituztenak; hirugarrenean, migratzaileak gidatu zituzten agenteak eta uniformerik gabeko pertsonak. Laugarren maila bat ere aipatu du Tardonek autoan eta prozesua antolatu zutenak sartu ditu bertan. Azken eta bosgarren mailan Marokoko segurtasun indarrekin harremana duten eta eragineko ahalmen handia duten pertsonak eta erakundeak daude.