Hondarribia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hondarribiko Udalak kereila penala jarri du Zaldunbordako outletaren enpresa sustatzaileen aurka

Bi enpresek demanda judiziala aurkeztu zuten duela urtebete, eta 13,7 milioi euro eskatu zizkioten Udalari, Zaldunbordako lursailetan proiektua geldiarazteak eragindako ustezko kalte ekonomikoengatik.

Hondarribiko Udalak kereila penala aurkeztu du Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresen aurka, merkataritza dokumentuak faltsutzea eta iruzur prozesala egitea egotzita. Hain zuzen ere, delitu horiek leporatu dizkie Udalak makro outletaren proiektua geldiarazteagatik bi enpresek abiatutako auziarekin lotuta.

Izan ere, demanda judiziala jarri zuten duela urtebete, eta 13,7 milioi euro eskatu zizkioten Udalari, Zaldunbordako lursailetan proiektua geldiarazteak eragindako ustezko kalte ekonomikoengatik, alegia, proiektua onartu eta deuseztatu bitartean egin omen zituzten lanengatik.

Horren aurrean, baina, Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako udal gobernuak Irungo epaitegian aurkeztu dute kereila, sustatzaileek aurkeztutako dokumentazioa iker dezaten. Udalaren esanetan, "kontraesanak" egon daitezke demanda arrazoitzeko aurkeztu duten dokumentazioan, eta, beraz, ez litzateke gertautakoaren gaineko egiazko kontakizuna izango.

Igor Enparan alkateak ohar batean azaldu duenaren arabera, Higertokik eta Zaldunborda Berriri erantzuteko, Udalak auditoria bat eskatu zion zuzenbide penalean espezializatutako abokatu bati, eta haren txostenaren arabera, "ikerketa penal bati ekiteko nahikoa arrazoi daude".

"Horregatik aurkeztu dugu kereila, epaile batek gertakari horiek iker ditzan. Ez da arinkeriaz hartutako erabakia. Alderdiok bat egin dugu erabaki honetan, hondarribiar guztien interesa eta dirua defendatzen ari garelako", azpimarratu du alkateak, eta irailaren 30ean udalbatzak aho batez auzitara jotzea onartu zuela gogorarazi du.

Enparanek zehaztu du, gainera, enpresek 39 dokumentu aurkeztu dituztela demanda horretan, gastuak justifikatzeko (6,1 milioi euro inguru), baina horiek aztertu eta Udala jabetu dela 5,5 milioi euro inguru (ia % 90) elkarri lotutako enpresen fakturei dagozkiela.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X