Etxebizitzen salerosketa kopurua % 4,8 igo zen EAEn eta % 5,3 jaitsi Nafarroan, abuztuan
EAEn, azken hiru hilabeteetako beheranzko joera irauli egin da. Foru Erkidegoan, aldiz, kontrakoa jazo da: bi hilabetez jarraian gora egin du kopuruak; abuztuan, berriz, behera.
Salerosketen herena inguru dira etxebizitza berriak. Argazkia: Europa Press
Etxebizitzen salerosketa aldatu egin zen abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Izan ere, gorakada (% 4,8 hazi da urtearteko tasa) izan da lehengoan, eta jaitsiera (% 5,3koa), bigarrenean, INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera.
Euskadin, etxebizitzen salerosketa kopuruak hiru hilabete zeramatzan datu negatiboak ematen, eta, hala, joerak apur bat onera egin du oraingoan. Guztira, 6.476 finka eskualdatu dira, gehienak, (% 91) hiriko finkak. Horien erdiak baino gehiago etxebizitzak izan dira, eta % 45, bulego, garaje eta trastelekuak.
Abuztuan EAEn saldutako etxebizitza gehienak (1.621) libreak ziren, eta babestutakoak, 296 baino ez. Bigarren eskuko etxebizitzak saltzen dira gehien, etxebizitza berrien kaltetan. Abuztuan 1.417 izan ziren, 500 etxebizitza berrien aldean.
Nafarroan, joera kontrakoa izan da, salerosketen zenbatekoa % 5,3 murriztu baita. Dena dela, aurreko bi hilabeteetan gora egin zuen salerositako finken kopuruak.
Espainiako Estatuan, etxebizitzen salerosketa % 3,4 hazi zen, 2025eko hilabete berarekin alderatuta. Abuztuan izandako gorakadarik handiena da, 2024tik.
Sinatutako hipotekei dagokienez, alderantzizkoa izan da joera. Hau da, Euskadin behera egin du zenbatekoak (% 2,3) eta Nafarroan, gora (% 23,2), betiere urtearteko tasari erreparatuta.