INDUSTRIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

LABek zalantzan jarri ditu Vicinay enpresaren interesak, eta kaleratzeen aurka azaldu da

Uko egin die 60 langileren kaleratzeari eta gainerakoentzat aldi baterako lan-erregulazioari, eta zalantzan jarri du horren "benetako interesa" enpleguari eustea edo enpresaren lursailak eskuratzea den.

Vicinay enpresaren Sestaoko lantegia. Argazkia: EITB

LABek ez du ontzat eman atzo Vicinay enpresako zuzendaritzak egindako planteamendua: uztailaren 31ra arteko aldi baterako lan-erregulazioa langile guztientzat eta Aldi Batareko Enplegu Erregulazio-Espedientea (ABEEE) 60 lagunentzat". Ohar batean salatu duenez, "langileek urte luzez aski sakrifizio egin dituzte" eta ez dute ontzat emango "enpresaren jarduera-arazoen ondorioak langileen bizkar gainean uztea". Beraz, ohartarazi du ez duela onartuko "ez kaleratzerik, ez ABEEErik". 

Vicinay enpresak ainguratze-kateak eta -lineak ekoizten ditu. Duela gutxi Velora enpresak erosi zuen, Ekarpen funtsarekin batera (Eusko Jaurlaritzak parte du bertan). Enpresako zuzendaritzak "lanpostuak doitzea" proposatu du, "eskaera garrantzitsu bat galdu ondoren". 

Sindikatuak galdetu du "zein den Damaso Quintana enpresariaren eta Eusko Jaurlaritzaren benetako interesa: enplegua eta etorkizun industriala bermatzea edo, aitzitik, enpresaren lursailak ote diren lehentasuna".

LABen ustez, "ez da sinesgarria" enpresaburuak eta Eusko Jaurlaritzak "ez aurreikustea Vicinayk zailtasunak izango dituela". Horregatik, eskatu du argitu dezatela zeintzuk diren operazioaren helburuak, enplegua babesteko ezarri ziren bermeak eta lursailek erabakietan duten pisua".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X